Urtarrila idorra, laborarien moltsondoa jori
Oso xelebreak izaten dira hilabeteei buruzko atsotitzak. Aurreko batzuetan aipatu izan dut euskal baserritarrak edozein egoeratarako konponbidea aurkitzen duela. Adibidez, urtarrilean gaudelarik, hona hemen berari buruzko zenbait atsotitz pipertsu. Urtarrila hotza izanez gero, ikazkina poztu egiten da: urtarrila hotza ikazkinaren poza. Gainera hotzak berak leizera eramaten ditu hartzak: ilbeltzeko hotzak, leizera daramatza hartzak; euria erruz egiten badu, diru arazorik ez oman dugu izango: urtarrila euritsu, urtea dirutsu. Hala ere, gutxi egiten badu, uztailean ez omen gara ogi eskasian ibiliko: ebi gutxi urtarrilean, ogia eder uztailean. Harrigarriena, ostera, idorte edo sikate egoeretan gertatzen da. A ze azkarra den gure baserritarra! Horra hor, itxuraz, kontraesanez beterikoak: urtarrileko sikatie, urte guziko gosetie edota urtarrila urik gabe, urtea ogi gabe. Baina, urtarrila idorte, laboraria dirute eta izenburukoa, urtarrila idorra, laborarien moltsondoa jori. Hortaz, nor sinetsi?
Iruzkinak