Pattal antzean jarraituko du eguraldiak
1. Pattal antzean jarraituko du eguraldiak. Haizeak iparrerantz egiten duen heinean, freskatzeko joera hartuko du. Lainotsu eta motel, eta tarteka zirimiri moduko euri lardatsa. Oro har, haizea ahul samar ibiliko da, baina iluntze aldera bizkortuko da apur bat. Laino maskalekin giro hezea eta grazia gutxikoa.
2. Zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio arinak botako ditu, zenbait lekutan ertainak, sarriago lehen eta azken orduetan. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura egonkor mantenduko da.
Bi iragarpenok azaroaren 15ari dagozkio. Funtsean eduki bera adierazteko forma desberdin samarrak erabiltzen dituzte; bata "herritarragoa", bestea, "zientifikoagoa". Hala ere, lehenengoa, goxoagoa, hurbilagoa, hunkigarriagoa, ezta? Nik ez dut dudarik egiten eta honexen alde egingo dut neure tesian: herri-lexikoa zientzia-terminologiaren iturri ezin oparo eta egokiagoa izan daiteke. Izan ere, herriak bere txikian (ala, handian?) zehatz-mehatz adierazten du zer esan nahi duen. Eta ikertzeko beste kontu bat: sarritan zientziak gauzak sinplifikatzera jotzen du eta herriaren ikuspegia konplexuagoa izaten da, xehetasunez beterikoa.
Iruzkinak
Zerbait gehitzekotan, hona ttantta bat: batzuek hizkuntza maite dute, hizketarekin (eta idazketarekin) plazerra sentitu nahi dtute, gauzak gozo esaten dituzte... eta beste batzuek ez. Eguraldiaren igerleek (aro-igerleek) aroaren argazkiak eskaintzen dizkigute. Baina argazkilari batetik bestera dagoen aldea...
Tomax.
Tomax.
Tomax.