Pattal antzean jarraituko du eguraldiak

1. Pattal antzean jarraituko du eguraldiak. Haizeak iparrerantz egiten duen heinean, freskatzeko joera hartuko du. Lainotsu eta motel, eta tarteka zirimiri moduko euri lardatsa. Oro har, haizea ahul samar ibiliko da, baina iluntze aldera bizkortuko da apur bat. Laino maskalekin giro hezea eta grazia gutxikoa.
2. Zerua oso hodeitsu egongo da. Prezipitazio arinak botako ditu, zenbait lekutan ertainak, sarriago lehen eta azken orduetan. Ipar-ekialdeko haize ahul-bizia ibiliko da, bolada gogorrekin kostaldean eta mendi inguruetan. Tenperatura egonkor mantenduko da.
Bi iragarpenok azaroaren 15ari dagozkio. Funtsean eduki bera adierazteko forma desberdin samarrak erabiltzen dituzte; bata "herritarragoa", bestea, "zientifikoagoa". Hala ere, lehenengoa, goxoagoa, hurbilagoa, hunkigarriagoa, ezta? Nik ez dut dudarik egiten eta honexen alde egingo dut neure tesian: herri-lexikoa zientzia-terminologiaren iturri ezin oparo eta egokiagoa izan daiteke. Izan ere, herriak bere txikian (ala, handian?) zehatz-mehatz adierazten du zer esan nahi duen. Eta ikertzeko beste kontu bat: sarritan zientziak gauzak sinplifikatzera jotzen du eta herriaren ikuspegia konplexuagoa izaten da, xehetasunez beterikoa.
5 Comments:
At 19:42,
Anonimoa said…
Ados zurekin, Kepa.
Zerbait gehitzekotan, hona ttantta bat: batzuek hizkuntza maite dute, hizketarekin (eta idazketarekin) plazerra sentitu nahi dtute, gauzak gozo esaten dituzte... eta beste batzuek ez. Eguraldiaren igerleek (aro-igerleek) aroaren argazkiak eskaintzen dizkigute. Baina argazkilari batetik bestera dagoen aldea...
Tomax.
At 20:05,
Kepa Diegez said…
Bai, eta gainera, hizkuntza ondo eta egoki ez jakitearren asmatzera egiten dute, berez, lehendik asmaturik dagoena. Nik horixe esan nahi dut. Ez badago, asmatu egin dezagun, baina baldin badago berari eutsi eta zabal dezagun. Gure terminologia zientifikoa gatz eta piperrez betetakoa ere izan daiteke.
At 10:13,
Anonimoa said…
Ados, Kepa. Ez dugu hizkuntzaren talibanak izan behar (ederki finkatu du irudi hori Zaldi Eroak) baina ezjakinak ere ez. Joan den igande gaueko eguraldi emankizunean entzun nion esatariari hurrengo egunean "euria goitik-behera" egin behar omen zuela. Etxean haserretu ez, algara egin genuen.
Tomax.
At 21:43,
Kepa Diegez said…
Bada... geuk ere esaten dugu. Iji, aja!!
At 11:05,
Anonimoa said…
Glups! Nihaur bihurtu ote naiz talibantxu? Hilko naute etxean.
Tomax.
Argitaratu iruzkina
<< Home