EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/06/21

Uda hasi da

“http://tableauxenligne.com/A55A04/TableauxEnLigne.nsf/d864fd9cba2904e3c1256dd20064be02/33c10545b4aae87086256e250068ca01/$FILE/G_O_ailleurs-un-%C3%A9t%C3%A9.Jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Gaur goizaldean, 06:46ean, hasi da uda. Egun hitsa eta lainotsua bazter askotan, kostaldean batik bat. Urtesasoiei dagokienez, bi dira nagusi gure izendegian, negua eta uda. Euskalki gehienetan beronetatik eratortzen dira beste biak, udazkena eta udaberria. Udako solstizioa dela-eta, “udaburu” hitza topatu dut. Han-hemenkako hiztegi terminologikoetan ez dut aurkitu, “solstizio” baizik ez. Zientziak badu terminologia-iturririk herri-hizkeran, bai horixe! Izendapenei nagokielarik, honako hauek dauzkat bilduta:

euda : Bizkaiera. Mikoleta.
uda: Orokorra. Azkue. Hiztegia.
udara : Goi-Nafarrera / Gipuzkera. "Zer uriketak, zer ubarrak eta zer denbora txarrak egin dituen aurtengo udarak" N-Baztan. Herria, 1963-08-29.

Mikoletak Bilbo aldeko euskara zerabilen, agian horixe izan liteke “uda” hitzaren jatorria, “euda” eta geroago hasierako “e-“ galdu da. Nork jakin!

Uda-garaia izendatzeko ondokoak topatu ditut:

uda-denbora: “Urberuaga'ra noya uda-denborarako". T. Etxebarria. Euskera 1965, 610 or.
udaldi
: "Famili aberats bat ezagutu dugu, erri-txiki euskaldun batera udaldia igarotzera joatez atzera zana". Ibalan. Euzko-Gogoa, 1958, 82 or.
udaraldi : “Piarres'ek udaraldi oso bat egin zun morroitzan Ahuzki'ko bazter zoragarrian". J. Etxaide. Joanak Joan.
udaro: N-Baztan. Azkue. Hiztegia.

Edozein urtarok bezalaxe, udak ere baditu hiru aldi: hasierakoa, erdikoa eta amaierakoa. Gainera, erdikoa, azter batzuetan era berezian desberditzen da: "udamina", uztailaren 23tik irailaren 2ra arte. Sirio izarrarekin zerikusia omen dauka eta.

1. Udaren hasiera

udalein
: N-Zaraitzu / Erronlariera. Azkue. Hiztegia.

udastapen: “Udastapenean, badaike denentzat baska". Gachiteguy. Laborantza, 180 or.

2. Udaren bihotza

udabiotz : G-Getaria / N-Baztan. Azkue. Hiztegia.
udamin: 1. N-Baztan, Lesaka / Behe-Nafarrera / Lapurtera / Erronkariera / Zuberera."Udamin miñeko artoak aitu genituen eta jaungoikoak badaki lanak nola egin ditugun" . N-Lesaka. Azkue. Hiztegia.
2. “Sirio izarrarekin lotura daukan garaia da, hots, uztailaren 23tik irailaren 2ra arte”. Pello Zabala.

3. Udaren amaiera

udazken : N-Baztan, Zaraitzu, Erronkari. "Hasiera berriz udazkenekoa zanean eta umetzea azkenekoa, etzituen ipintzen" . Ur. Gen. XXX, 42 or. Azkue. Hiztegia.

Eta atsotitza betez gero, “Negu hotza uda beroa” jai izango dugu! Ez ahal da horrelakoa izango!

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------