"Izugarri aberatsa da gure herri-lexikoa eguraldiari dagokionez"

 


Euskal Herriko eguraldiaren hizkera batzen duen liburua argitaratu du Kepa Dieguez Barahonak: Eguraldiaren euskara. Aro-bidaia Euskal Herrian barrena. Gurean eguraldiari erreferentzia egiteko euskaraz jasota dagoen herri-lexikoa batu eta aztertu du 20 urtez, eta hori guztia jaso zuen 2021ean aurkeztu zuen doktorego tesian; emaitza: hizkuntza baten lexiko etnometeorologiko guztiaren azterketa, ordurako munduan izan den lehenengoa. Horretan oinarrituta, liburua idatzi du, jasotako informazio guztia gizarteratzeko modu didaktiko batean.

Defini ezazu, hitz gutxitan, liburua.

Bada, eguraldiari buruzko "road movie" moduko bat da. Protagonista aro-bidaiari bat da, herriz herri hitzak, esapideak eta kontu meteorologikoak biltzen dabilena. Kontakizun bat da, baina, aldi berean, saiakera, helburua eguraldiari buruzko lexikoa zabaltzea baita. 96 herritan barrena egiten du bidea, Getxotik Eskiulara (Bearnoko herri euskalduna).

Ibilbide zehatz bat egiten du, ala noraezean dabil protagonista?

Ez da ibilbide zuzena. Egiten du ibilbide bihurri bat; norako haizea dabilen, hara joaten da bera. Batzuetan, gainera, haizeari ere eskatzen dio laguntza. Haizea ere bada beste protagonista bat.

96 herri, Getxotik Eskiulara. Eguraldiari dagozkion hitzak eta esamoldeak asko aldatzen dira herri batetik bestera?

Bai, eskualde desberdinak direnean batez ere. Herri bakoitzak bere lexikoa du, eta askotan oso hitz lokalak erabiltzen dira, oso kontu itxiak izaten dira. Eskualde bereko herrietan ez dago alde handirik, baina eskualde desberdinetan bai.

Zeintzuk egoeratan ematen da aldaketa gehien?

Haizeen kasuan, batez ere. Tesirako 900 izendapen baino gehiago bildu nituen. Euriaren inguruan ere asko aldatzen dira izendapenak, eta askotan herri batek ondoko herria aipatzen du haize bat izendatzeko, hori oso bitxia da.

Kostaldeko eta mendialdeko eremuen artean ere aldaketa nabarmena izango da, ezta?

Bai. Kostaldeko eguraldia eta barrualdekoa oso desberdinak dira, eta lexikoak ere aldaketak jasaten ditu. Adibidez, lainoen edo lanbroen inguruko hitzetan aldaketak nabariak dira.

Fenomeno meteorologiko batzuk ere leku zehatz batzuetan bakarrik gertatzen dira...

Bai, edo ikuspegi desberdinak dituzte. Esaterako, enbata hitza. Kostaldean enbata, galerna edo galarrena esaten zaio, baina barrualdean ez dute fenomeno hori horrenbeste nabaritzen, eta haientzako haize-aldaketa txiki bat izango da, freskoa ekartzen duen horietako bat, besterik ez.

"Herrietan metaforak edo irudiak erabiltzen dituzte gauzak izendatzeko, eta horrek izugarrizko lotura dauka gure herriko kulturarekin"

Euskalkiek ere eragina dute izendapen horietan?

Ikaragarri. Tesirako 6.000 hitz inguru bildu nituen eguraldiaren inguruan, eta 4.300 inguru aztertu. Euskalkien arteko desberdintasuna agerikoa da, baina batasuna ere badago kontzeptuetan, nahiz eta izendapenak desberdinak izan. Adibidez, Gipuzkoan eta Zuberoan berdin ikusten dute kontzeptu bat, horri deitzeko modua berdina ez izan arren. Adibidez, Kortezubin (Bizkaia) kuku izerdia erabiltzen dute euri mehe-meheari deitzeko, eta Oñatin (Gipuzkoa), aldiz, azeriak bustitzeko euria. Erabilera guztiz antropologikoak dira horiek, lehenengoak esan nahi duelako kukuak alfer hutsak direla, eta hartara euri horrek apenas ez duelako lurra bustitzen; bigarrenaren kasuan, azeriek gorroto dutelako bustitzea, eta euri-mota horrekin ez direlako konturatzen bustitzen ari direla.

Herrietan metaforak edo irudiak erabiltzen dituzte gauzak izendatzeko, eta horrek izugarrizko lotura dauka gure herriko kulturarekin, mundu ikuskerarekin.

Eguraldiari lotutako saioetan, telebistan kalkoak edo asmatutako hitzak erabiltzen dituzte ala gureak erabili egiten dira?

Oro har, ondo erabiltzen da, baina hiztegia oso murritza da eta egia da kalko asko egiten direla eta interferentzia handia dagoela. Adibidez, “zerua urdin dago” esatea kalko hutsa da; euskaraz oskarbi edo garbi dago da egokia. Zeruak ez du kolorerik, eta hori kontu antropologikoa eta filosofikoa da: beti da presentzia edo ausentzia. Urdin esatea, Ipar Euskal Herrian eta ekialdeko euskalkietan lainotuta dagoela esateko erabiltzen da, hartara, kontrakoa esaten ari gara.

Herri-lexikoa erabili beharko genuke iragarpenak atseginagoak egiteko; beti erabiltzen dira lau gauza, eta gure lexikoa izugarri aberatsa da. Adibidez, Joxe Landa oso ona da iragarpenak egiten, herri-lexikoa erabiltzen du.

Lexikoa horren zabala izanik, zaila izango litzateke nazio mailako hedabide batean denona izan daitezkeen berbak erabiltzea, ala ez?

Ez pentsa, hitz bat erabiltzerakoan horren azalpena eman daitekeelako: “aldagoaia dago, aldagoaia da ipar-mendebaldetik jotzen duen haizea, eta oso bortitza da”, adibidez. Edo: gaur herriko haizea da nagusi”, kasu horretan, herriko haizea erabiltzen da Getxon hego-haizeari erreferentzia egiteko.

Apurka-apurka didaktikoak izan gaitezke, eta, berbarako, ETBren hasierako helburuetako bat bazen euskararen aldetik didaktikoa izatea, baina hori galdu egin da.

Eguraldiaren euskara. Zer da eguraldiaren euskara?

Eguraldiaren lexikoa itzela da, aberatsa eta tokian tokiko kulturara oso lotua. Liburu honetan eguraldiaren lexikoaren oparotasuna erakusten dut, eta aro-bidaia bat proposatzen dut Euskal Herrian zehar.

Esan behar dut protagonista ez dela bakarrik aro-bidaiaria, zama handia daramala ohartzen denean laguntza eskatzen baitu. Gainera, benetako pertsonaiak ere ageri dira liburuan; baimena eskatu nien eta ageri dira, adibidez, Fredi Paia getxoztarra. 20 bat lagun azaltzen dira.

Halaber, ez ditut hitzak edo esapideak bakarrik azaltzen; herri batzuetan bestelako gai batzuk jorratzen dira, hala nola eguraldia antzemateko metodoak edo haizeen izendapenak.

Azkenik, azaldu behar dut liburua bi modutara irakur daitekeela: hasi eta amaitu, edozein libururekin egiten dugun bezala, istorioa hasi eta amaitu egiten delako; baina baita herriz herri, nahieran; edota amaieran dagoen hiztegira edo aurkibidera jo, kontsulta liburua ere badelako.

Mendez mende, eguraldiari erreferentzia egiteko moduak aldatu egin dira gurean?

Bai, eguraldiaren bilakaera sumatzen da hitzetan. Adibidez, hitz batzuk desagertu egin dira eguraldi fenomenoak aldatu direlako edota jada ez direlako horiek ematen.

Fenomeno berriei dagokienez, zoritxarrez, jende askok jotzen du erdararen izena erabiltzera, edo itzultzera. Hala ere, euskal lexikoak denetarik du edozeri erreferentzia egiteko, ez da ezer asmatu behar. Adibidez, aspaldi honetan “tiempo severo”ri deitzeko “several weather” darabilgu, edo “eguraldi bortitza”, baina gurean badago hitz bat horri deitzeko, eta hori da arogaitza, Zuberoatik datorkiguna. Egia da gurean ere maileguak ditugula, mendeetan zehar ere halakoak hartu ditugulako, hutsuneak betetzeko.

"Eguraldi ona" eta "eguraldi txarra" esamoldeak sarri entzuten dira gurean. Zer iritzi duzu?

Eguraldi ona eta txarra kontzeptu modernoak dira, urbanoak, eta aisialdiarekin lotutakoak dira. Lehen, baserritarrentzat eguraldi ona euria egitea zen, eta txarra lehortea.

Herri kulturan zer nolako garrantzia izan dute eguraldiari lotutako esamoldeek?

Ikaragarria. Mendeetan zehar egindako behaketak eta esperientziak islatu dira hizkuntzan, eta horrek gure kultura eta izaera definitzen ditu. Nik erabiltzen dudan terminoa da "adimenbegia", eta horrek sortzen ditu hitzak. Erabat lotuta dago gure kulturari eta ikuskerari; gure izaera da, eta sekulako garrantzia du. Adibidez, “llueve a mares” esaten da gaztelaniaz; nola itzuliko zenuke hori? Batzuek esango dute “itsasoka”, bada, ez! Gurea ibaika ari du da.

Uribe Kostari dagokionez, badago hitzik edo esamolderik propioak direnak?

Bai, badaude, eta aurkezpenean aipatu nituen, baita inguruko herrietakoak ere. Oso interesgarria da txotorra, adibidez. Getxon, txotorra da txingorra ez dena, ez dena izotza; elur-mota bat da. Beste toki batzuetan elur pinporta esaten zaio horri, baina txotorra da Uribe Kostan erabiltzen dena, bertakoa da, berezkoa.


Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda