Iparra bebil eta mendebala bego, hegoa gero.II
Bigarren aldiz idazten dut EtnoMet-en aro-atsotitz (i)zor(r)agarri honi buruz. Hitzetik hortzera erabili dugu azken sei asteotan nahierara garabiltzan aro gurpil ero hau; astegunak txukun eta galant samarrak izan ohi dira, asteburua heldu eta eguraldiak zenbait ipurterreren ipurdia zeharo erretzeraino jotzen du euria goitik behera eta azpikoz gora diharduelarik, jardun ere! Nahi genuke euria hobeto bana baledi, ezta? Atsotitz horrek ederki baino ederkiago laburbiltzen du Euskal Herrian izaten dugun aroaren sorgin kurubila: ipar haizeak bultza egiten du lehenengo, eta, berarekin batera, eguraldi goibel eta umela; gero, gutxika-gutxika, haizeak bira egin eta mendebala gailendurik, eguraldiak epeltzera egin eta aminika atertuz doa eta, azkenean, maitasun-gorrotozko haize mota horrek, hego haizeak, eraso eta erasaten digu. Oraingo joera aldatzekotan, batzuek hauxe desira lukete: hegoa bebil (asteburuetan), mendebala bego (astearen hasieran) eta iparra gero (astegunetan). Ez liguke kalte egingo, ezta?
0 Comments:
Argitaratu iruzkina
<< Home