Zotalegunak: urtarrila

http://www.urbanchip.com/img-blog/bola-magica.jpg
Herrialde eta kultura ugaritan urte barruan nolako eguraldia izango den asmatzeko egunak izaten dira zotalegun edo igarregunak, hau da, halako egunetan halako aroa egonez gero, hilabete horretan horrelako eguraldia izango da. Adibidez, urtarrilaren 2an euria bada, otsaila (2. hilabetea) euritsua izango da. Euskaraz badira zenbait izendapen eta hilabete:

1. Urtarrilaren lehenengo hamabi egunak: Igarregunak, Sortelegunak eta Zotalegunak.
Lafittek, Gure Herria aldizkarian hauxe zioen 1969an:

Gure arbasoek uste zuten urtarrileko hamabi lehen egunak zotalak zirela, hots, bakotxak aintzinetik salatzen zuela nolako aroa izanen zen berari zoakon ilabetean.

2. Otsailaren lehenengo hamabi egunak: Xino.

Zaraitzun erderatiko ele auxe daukate orretarako: xino (signo). Izotzilaren lenbiziko amabi egunak urtearen amabi ilabeteen xinoak tzu (dituzu). Azkue. Euskalerriaren Jakintza III, 209.

3. Abuztuaren lehenengo hamabi egunak: Zotalegunak.

N-Baztan. Zotal egunetan siñeste aundie dugu. M. Izeta. Baztango Hiztegia.

4. Abuztuaren lehenengo hogeita lau egunak: Ilegunak.

Igarregun ordez ilegun esaten dan tokietan ogei ta lau dirala uste dute, agorrilaren lenengo ogei ta laurak: lenengo ta amairugarrenak urtarrileko eguraldia iragarten dutela, bigarren ta amalaugarrenak otsaila.. eta onelaxe beste egunak ere. Azkue. Euskalerriaren Jakintza IV, 209.

Aurten egunero-egunero eta zintzo-zintzo eguneroko tenperatura eta aroari erreparatzen dihardut urtarrileko lehenengo hamabi egunetan, zer ekarriko digun urteak antzeman guran. Emaitza hilaren 13an emango dizuet aditzera. Bien bitartean, zabal itzazue begiak eta garuna!!




Iruzkinak

Hau esan du Mikel Belasko erabiltzaileak…
Zain egonen naiz, orduan, ea zein diren emaitzak. Interesgarria, bestalde, zure bilketa. Behin Cabañuelas (zotalegunak gaztelaniaz, antza) sistema azaltzen zuen liburua erosi. Beharbada ezagutuko duzu.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bai, bai, ezagutzen dut... Ea zer gertatzen den hemen urtarrileko egunekin! Ondo ibili!
Hau esan du Mikel Belasko erabiltzaileak…
Hau gustatuko zaizu: http://hanetahemen.blogspot.com/2010/12/zotal-egunak.html
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Alajaina! Oso interesgarria. Pozgarria da honelako kontuetan jendea interesaturik dagoela ikustea. 1000 esker!
Hau esan du Bea Salaberri erabiltzaileak…
Aupa Kepa.
Zotal egunez aparte, baduzu zuk entzunik zerbait "kartak" edo "karta egunak" delakoen inguruan?
Iduri luke hiru hilabetero, lehen hiru egunek, adierazten dutela ondoko hiru hilabeteek emanen dutena. Egia erran pare bat aldiz baizik ez dut entzun eta orain arte ahantzia ere nuen... Batek aipatu dit Junes Casenave Harigile xiberotarrak aipatu izan dituela bere idazki batzuetan... Bilatuko dut piska bat gehiago.
Ondoko bat arte
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Aupa Bea!
ba, jakina! "Garta-denborak" edo "tenporak" oso ezagunak dira gure aldean. Horretaz jakintsu dugu Pello Zabala eta blog honetan ere bila dezakezu. Bizirik jarraitzen du ohitura horrek gure artean. Segi bizkor!
Hau esan du Bea Salaberri erabiltzaileak…
Bai, noski, letra batengatik... ez nuen sekulan aurkituko!!!
Milesker eta segi aitzina!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...