EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2009/01/25

Eguraldiaren inguruko hizkerari helduko diote "Errazu"n

Eguraldia izango dugu hizpide nagusi igande honetako "Errazu" saioan. Argi dago euskaldunontzat eguraldiak berebiziko garrantzia duela, esnatu eta kalera ateratzerakoan zer jantzi behar dugun jakitea ezinbestekoa bihurtu da jende askorentzat. Iban Garate aurkezlea ere lan horretan jarriko da: eguraldia igertzen eta horretarako, eguraldiaz asko dakiten lagunak elkarrizketatuko ditu.

Kontuan izanda eguraldiaren berri izateko gogoa ez dela egungo obsesioa, betidanik izan dugula horren premia, gure arbasoek eguraldia nola iragartzen zuten azalduko dio Joxe Landak Ibani. Animalien jarrera eta erreakzioak aintzat hartuta jakiten omen zen garai batean zein eguraldi egingo genuen eta, jakina, Iban ere saiatuko da eguraldia iragartzen animaliei erreparatuta.

Egun tresna modernoei esker jakin dezakegu hurrengo eguneko eguraldia: internet, eguraldi modeloak… baina horiez gain, Pello Zabalak ezagutzen du eguraldiari traza hartzeko beste bide bat: hodeiak eta haizea aztertuta. Bi elementu horiek kontuan izanda igerri omen daiteke aroak zer joera hartuko duen.

Aurten, aspaldiko elurte handienak egiten ari da. Elurrari buruz hitz egingo dugu Andoni Aizpururekin. Elur mota desberdinen berri emango digu eta orain arte gordean eduki duen sekretua: ohetik jeiki gabe, Andoni gai da jakiteko elurra egin ote duen.

Kepa Dieguezek eguraldiari buruz ikertzen urte asko daramatza, Euskal Herri osoan eguraldiari buruz erabiltzen diren 6.000 hitz baino gehiago bildu eta horietako batzuk argitaratu ditu liburu batean. Hitz horiek azalduko dizkigu.

Eta azkenik, Euskalmetera joango da Iban. Bertan Eguzkiñe Iturrioz eta Onintze Salazar elkarrizketatuko ditu, hauek Euskalmeten eguraldiaren berri emateko erabiltzen dituzten hizkuntza desberdinen berri emango digute.

"Errazu", igandean 21:30etan, ETB-1en.

2 Comments:

  • At 22:52, Anonymous Anonimoa said…

    Eguzkiñe eta Onintzeren hizkera? Errobotikoa, graziarik gabekoa, Euskalmeteko euren lankideen modukoa, abduzituen koadrila halakoa! Eguraldi ona/txarra gora eta behera goizero. Pello, gogoan zaitugu!

     
  • At 23:01, Blogger Kepa Diegez said…

    Horixe baietz! Oi, Pello, Pello!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------