Lanbro zirin arteko egunak
Joandako urteetan, lantzean behin, Azore uharteen aldeko antizikloia hizpide izaten genuen; non ote zegoen hura, oporretan ote zegoen, zer gertatzen ote zen, betiko galduta egongo ote zen. Bera ez egoteak Atlantiko aldean egundoko hutsunea sortu eta zurrunbiloak loka, kementsu eta indartsu hurreratzen zitzaizkigun hego haizea lagun eta arerio. Maiz etsiak hartuta egoten ginen, oporretatik noiz itzuliko irrika bizian, beraren aldeko aldarrikapenak egiten genituen: Gora Azoreetako antizikloia! Izan ere, bera ez egoteak hego haize iraunkor eta tematiak bultzatzen ditu, gogait eragiterainokoak. Pentsatzen genuen klima-aldaketa hurbil baino hurbilago genuela, inguruxean. Udagoienon, ostera, sendo, irmo, eta tinko diraikigu ohiko kokapenean, gotorlekuan abaroan dago Minas Tirith izango bailitzan. Hori dela-eta, antzizikloa lagun eta arerio, Ipar Atlantikotiko zurrunbiloak beraren eskuinaldetik lerratu eta aro umel eta freskoa eragiten digu, batzuen gozagarri eta beste batzuen gorrotagarri. Azken egunotan berau mugituxe delarik, etengabe laino eta lanbro heze-hezeak jaurti dizkigu. Horrek behinola ohi-ohikoa izaten zen eguraldia sortarazi digu: zenbaitetan geure buruaren gaineko lanbro horri jario zaion negarra lurra bustitzeko lain ez da izan, beste zenbaitetan, doi-doi egin izan du; lanbro zirina, alajaina, Oñati zoragarrian esaten den bezalaxe.
Iruzkinak