EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2008/09/08

EtnoMet ostera ere abian


Lozorro luzetxoa barkatu beharko didazue baina, nahia zapuztu zait eta usteak erdi ustel. Ustez Toskanatik bertakoaren berri emateko moduan egongo nintzela, zenbaitetan teknika arerio , asmoak huts egiten du. Tira, hutsak huts, eta usteak uste, aroak ez du atsedenik hartzen, ez horixe! Itxura denez, uztaila eta abuztua ohi baino hozkagoak izan dira Euskal Herrian baina ekaitzak bakan samarrak izan direnez gero, batez bestekoaren azpitik ibili dira prezipitazioak. Hortaz, eguraldi sano-sanoa! Hozkirri eta ateritxo. Toskanak, aldiz, ito beharrean egon ez gara, ba! Egun-egunero 30º C-tik gora, gutxienez. Noiz edo noiz Florentzia aldean, 38 ºC eta euri gutxi-gutxi. Ekaitzen bat edo beste. Egia esan, itzel baldintzatu digu bertako beroak pentsatuta generaman egitaraua. Bestalde, irailean sarturik gaude bete-betean. Batzuentzat ikasturte berria urte berria adinakoa bide da. Izan ere, askoz ere bortitzagoa egunotan gertatzen den aldaketa urtatsekin baino. Ez da harritzekoa! Asteburuan Zaraitzu aldean izan garenez bertan Iraila izendatzeko erabiltzen zuten izena ekarri nahi dizuet hona: bigarren aguztua. Hots, eskualde horretako bizizaleentzat abuztua berriz gertatzen zen irailean. Bizkaiko Arratia haraneko euskaldunentzat, ostera, iraila ez da (ez zen?) abutzuaren errepikapena, urri lenekoa baizik. Urakanaldiaren nondik norakoa ikusita zer izango ote da iraila, bigarren abuztua ala lehenengo urria? Geroak erranen!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------