Ortzikara


Bere horretan dirau aroak, lotsor, herabeti inongo joera gailentzeke. Hala ere, egunotan beste ñabardura bat erants geniezaioke: ekaitzak izateko arriskua areagotu da oso. Eguratsa ez dago batere egonkor, ekaitzak erraz asko eratzen dira han-hemenka barreiatuxerik. Nolanahi ere, aurretik ikusten denak usu egiten du kale, "trumoi asko eta euri gutxi" jazotzen da eta espero baino txikiago astintzen digu erauntsiak. Guraritsuak dira ekaitzak, gero! Ortzi gurea berreskuratzekotan Behe Nafarroa aldean baliatzen ohi duten esakunea blogeratu gura dizuet gaurkoan: Ortzikara da eguna, hots, egun honek ortziak eta ekaitzak sortarazteko du ahalmena. Jakin dakigu hego eta ipar haizeak talka egin eta elkarri besarkada handia egiten diotenero, Ortzi da gailen. Gora Ortzi!

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
"Ortzikara"...segituko diot pista hitz honi, "Behe Nafarroan" badela badiozu...
Kepa, irudia gustatu zait. Duela zenbait hilabete Londonen egon naiz, eta bertako "capuccino"en krema dastagarria ekarri dit gogora, je, je. Italiakoak probatu beharko ditut, konparaketa egiteko.
Eskumaldeko tita urrun hura zer da, eguzkia?
Dena den, ez da ez, atsegina izan behar halako ekaitza-hodeia txango batean aurkitzea.
Eta "ortzikara DU egunak"?
Nabaritu al duzu, adibidez, "DU" gero eta gutxiago erabiltzen dela eguraldiarekin?
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Aupa, Kristina, aspaldikoxe!
Geu ere izan ginen Londonen Aste Santuan... baina ez genuen capuccinorik hartu, fish and chips baino...kar, kar, kar. Bai, eguzkia da sakoneko hori.
"ortzikara" da eguna, hau da, Ortzi+ikara ala Ortzi+kara (joera)? Ziurrenik "ortzikara da(go) eguna" ulertu behar genuke.
Ez zait iruditzen "du" erabili behar denik. Bestalde, fenomeno atmosferikoekin, bai, badirudi "du" gero eta gutxiago erabiltzen dela. Domaia, hain da ederra!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Urtaroak: ikuspegi etnolinguistikoa

...ari du...