Urmaela

Tesirako sortu zaidan zalantza bat dela-eta, laguntza bila natorkizue ea zirrikurik zabaltzen didazuen korapilo bat askatzeko. Kontua hauxe da:
Behin zuritu duelarik, elurra urtzen hasten denerako urmeldu aditza topatu dut. Ondotxo dakizuenez, urmael berba Harluxet Hiztegiaren arabera, "Lurrazaleko sakongune natural edo kokaleku artifizial batean dagoen urbildu ez oso handia, normalean iraunkorra" da. Beraz, zentzukoa da pentsatzea, nolabait, elurra urtzen denean urmael bihurtzen dela. Nolanahi ere, hitz horren bigarren osagaiari erreparaturik, ez dakit zehatz zer izan litekeen "-mael" zorioneko hori; "-mel" izango balitz, "urmeldu" aditzean bezalaxe, baliteke "bel(tz)"-ekin zerikusia izatea. Adibidez: lurbel>lurmel>lurmen, hau da, "elurrik gabeko lurra", beltz geratzen dena, alegia. Baina, "-mel" ez bada, zer demontre izan liteke "-mael"? Nire katramila ulertuz gero, idatz ezazue zeozer, arren.

Iruzkinak

Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Azkenean, burua etengabe erabili ondoren, honetara heldu naiz:
"urmeldu terminoa urmael, umel, umeldu eta mela berbekin loturik bide dago. Urmael hitzaren bigarren osagaia iluna bada ere, *-mael, mel eta mela hitzek badirudi era onomatopeikoaren bitartez bustitasuna adierazten dutela mendebaldeko euskaran. Urmeldu aditza Candido Izagirrek (1959) jaso zuen Oñatin eta haren ustez “quitar la nieve” esan nahi zuen. Ba ote dira gaur egun urmeldu eta umeldu aditz berdinak? Baliteke. Ziurrenik, umel *ur+mel izan liteke eta mela-mela berba onomatopeikoak blai eginda esan nahi du. Umel izenondoa bero sargoriarekin ere badu zerikusirik. Adibidez, Markina aldean, eguraldi umela sargoritsua da eta beste zenbait bazterretan aro bustia"

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...