Apirileko egunek hiru aro
Azkenaldion Deustuko Kanalaren kontua dela-eta, ez naiz batere astitsu ibiltzen behar besteko kemenaz blogean idazteari ekiteko. Gaur denboraren biran zirrikitu bat aurkitu eta egunotako aroaren gainean zerbait idaztea erabaki dut atsotitz bat lagun, "apirileko egunek hiru aro". Horixe jazotzen da asteon: goizez, oskarbi eta hotza, eguerdi eta arratsaldez, epeltxo -gaur, kostaldean ia bero izateraino- eta arrastirian lainotsu eta fresko antzean, baina ateri. Zuberoa aldean jasotako beste atsotitz eder batek dioenez, "Gizonak behar ehün urte bizi apirila eder baten ikusteko". Baina, zer ote da apirila eder? Oskarbi eta ateri? Oskarbi, hotza eta ateri? Lainotsua eta euritsua? Haizetsua eta oskarbia? Zenbat-gura konbinazio egin litezke, baina nago hiru aroek erasaten digutenean ez ote den eder, denetarik apur bat, alegia. Ez dago zalantza izpirik ere, lagunak: "Eguzkiz beterik ere, apirila marrantemaile".
Iruzkinak