Zozomikoteak 2008 eta beste
Behin Aste Santuaren inguruko oporraldia igarota berriz ere prest lanari ekiteko. Mamitsuak izan dira egunok, gero! Hedabideetan nagusitxo izan dira aroari loturiko albisteak: euria dela, elurra dela, urtegiak direla... egunero izan dute komunikabideek zer kontaturik. Behiala naturak orekatzeko joera izaten ei zuen, hots, otsailak maiazten bazuen, martxoak urtarrilduko zuelakoa. Behintzat, halako irudipena izaten zuten gure asabek. Egun, ostera, ustezko klima-aldaketa dela-eta, batek daki! Susmoak bizi gaitu uste hori ez ote den beteko. Usteak erdi ustel, martxoak jator jokatu eta nolabait, neguaren "desoreka" orekatzera etorri zaigu prezipitazioak gehitu eta batez besteko tenperaturak behera eginarazirik. Hilabete horren barruan, munta handiko eguna dugu aro kontuetan, azkenengo eguna, hain zuzen ere, ZOZOMIKOTEAK. Ba ote dabil zozo maitagarria habia atondu nahian. Lapurtuko ote zizkion Martxok Apirili bi egun hilabetea osatzeko? Goizeon - a zelako zartada jaso dudan burmuinean ordu aldaketa madarikatuarekin!- oso ilun ez bazegoen ere, goizak aurrera egin ahala, lainotzenago eta euriago. Azkenean bete egin da esapidea: Zozomikoteak, egun tristeak eta ilunak. Jakingo ote du Naturak gizakiak bihurtutakoa artezten?
Arogaiak metatuz doazkigunez, aurreko urteetan agerturikoa hauxe duzue:
Zozomikoteak 2005
Zozomikoteak 2006
Zozomikoteak 2007
0 Comments:
Argitaratu iruzkina
<< Home