EUSKADI(n) ERAIKITZEN eta METEOROLOGIA
IPAR-HAIZE PETOA
Egun argitan, argazkian azaltzen den tximinia horri ezker, ez daukagu leihora atera beharrik eguraldiaren gorabeheretaz azkar batean jabetzeko; Haizearen momentuko ezaugarriek, eguraldi aldaketaren baten gertutasuna eta joera, begirada batetan atzeman daitezke sukaldeko epeletik atera gabe.
Zenbat burutapen ez ote dit ekarri tximini horrek. Inguru horretan atrakatu zen Arestiren aleman barkua, ehun kiloko zementu zakuekin. Beti paratuko naiz gizonaren alde!
Terralak gogoz jotzen badu, marinelek ez dute arraunean egin beharko. Iparretik badabil; malo. Kea tentetu egin da; aldaketa dator; Ipar-mendebaletik egora beharbada.
Tximini on bat inguruan izatearen abantailak.
Halere, ez dira hauek tximini honek eguratsarekiko dituen mesede bakarrak. Behar bada sinestezina egingo zaizue, baina orain hamar bat urte, Eusko Jaurlaritzaren diru-sari bat jaso baitzuen enpresak, tximini horretan energia aurrezteko sistema jarri zuela eta. Energia aurreztu, kutsadura gutxitu. Buletin Ofizialean irakurri nuelakoan nago. Horretaz gain, ziur nago noizbehinka datozkigun usaina eta hautsa, osasunerako ere mesedegarri zaizkigula.
EUSKADI(n)ERAIKITZEN operazioa eta Ingurumena Sailaren arteko lotura hauek nahiko zabalduak daudela iruditzen zait. Ez da zaila izan behar edozein aktibitate kutsagarriri edo ingurumenaren kaltegarriri alde onuragarririk ikustea, eta kanalean ditugu adibideak.
ANTONIO IRIGOIEN
Iruzkinak