EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2008/02/18

Lehengo lepotik burua

http://2clicks.files.wordpress.com/2007/03/eclipse-luna.jpg

Bere hartan jarraitzen du aroak temati eta egoskor. Iberiar Penintsulako hegoaldetik sartu den depresioa kenduta -agian, Euskal Herriko hegoaldean eragintxoa izango duena- ez da inondik inora aldaketarik sumatzen. Bai, aldaketa diogu, ze euria erruz egitekotan itsas haizea gailendu behar litzaiguke, gailendu ere! Gainera, udaberriari begirako hiru egunetako garta-denborek eguraldi ezin ateriago iragarri bide digute: ez da ohiko izaten garta-denborek bi urtaro jarraian lehor eta ateri iragartzea; gogora dezagun negukoek aro agorra iragarri zigutela. Badirudi apirilak, maiatzak eta ekainak eguraldi eguzkitsu eta epelerantz joko dutela. Gure errukarriok! Betiko moduan bi taldetan banatuko gara "aro on eta txarra"-ren artekoak. Zer ote da, bata eta bestea? Bien bitartean, eman diezaiogun begiradatxoa ortziari eta iragar dezagun datorren ostegunean, hilak 21, ilbetea, jakina, Euskal Herrian ilargi-eklipseaz gozatu ahal izango dugula. Berau 1.43an hasi eta 5.09an amaituko da, baina 3.01etik 3.52ra bitartean bete-betean gertatuko da. Aro txepelari, bular!
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------