Adarra
Adar berba emankor-emankorra dugu euskaraz. Jatorrizko esanguratik abiaturik euskaldun jendakiak hainbat irudi sortu ditu: lantegiko sirenotsak jotzen duenez geroztik, ostera ere jo arte lan egiten badugu, adarretik adarrera jarduten dugula esango dugu; egun guztian erdi galduta eta enteratzen ez naizela bizi banaiz, esango didate ilargiaren adar puntan bizi naizela; txorakeria galantak edo xelebrekeriak egiten dituenari euskaldun jator eta prestu batek beste bati adar bat falta duela esango dio; gure adiskideren bati bihurri eta petraltxoa baldin bada, akerraren adarrak baino okerragoa dela esango diogu; ildo beretik, norbaitez ari bagara eta gogor-gogorra dela adieraztekotan, esango dugu akerraren adarra baino gogorragoa dela hori; bart, adibidez, goian behean hasi zuen euria, ibaika, bada, kasu horretan adarka ari zuela esan genezakeen; azkenik, ez pentsa hau adar-jotze hutsa izan denik!
Iruzkinak
Kepa, ez atzendu Bardozeko [mmm...] "adar airia"; Azkueko zita jarriko al diguzu, mesedez? Nik ez dut eskura. Bide batez, galdezkaturiko Bardozeko hiztun batzuek gogoratzen dutela esango dut. Zuk beste inon topatu al duzu?
p.s.1: zure artikulua irakurtzen ari naiz, Uztarokoa, oso mamitsua, jo!
p.s.2: a! "adar airia" zer den ba al dakizue? Ea nork asmatzen duen! Erantzuna, hurrengo post-ean!
K.
K.
adar-aire: Dasconaguerre. BN. "Tempestad"
adarraira: Lhande. BN."Tempestad"
Bihar. "adar"ri buruz kontu gehiago...