Apirileko eguraldiagaz, eta ostatuko neskeagaz, kontuz ibiliko haz

http://www.ibiblio.org/wm/paint/auth/manet/manet.bar.jpg
Apirilaren erdialdea igarota, osterantzeko bide aldia hartu du aroak. Itsasoa eguratsa baino epelxeago dagoenez gero, sasoiotan hain ohikoa den gurma jo eta laino dabilkigu itsasertzean lurruntzeak direla bide. Barnealdean ostera, oskarbiari esker Eñautek ez dauka oztoporik ortzi eta lurraren artean: lurgaina beroagotzen da, bai horixe! Hil euribitxi honi txikitako arotitz ugari ditugu. Orotarik dago, hain zen burutasua behialako euskal jendakia! Antxoak direla-eta, hauxe topatu dugu: Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean. Euri lantxe, ederra! hau da, euri mehe edo xehea. Hala ere aurton nekez ikusiko dugu antxoa bitsik moila gainetan... helburu zientifikoekin ez bada... Bien bitartean azaro aldetik hona ohartarazi genuen ostatuko neskak bere hartan jarraitzen du, gizagaixoa! Aprilleko eguraldiaz, eta ostatuko neskiaz, kontuz ibilliko az.

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean.

Hori lehen zen, Kepa. Aurtengo apiril honetan moiletan ikus daitekeen bitsa bakarra arrantzaleena da, antxoaren sasi-debekuaren gorabeherez haserre.

Iparraldean -Frantzian bezala- apirilaren 1-ean dute Inuzente eguna, "Apirileko Arraina" deitzen dutena. Horra antxoaren patua, broma bat izatea.

Bestalde, oso irudi polita -eta egokia- gaur paratu duzuna. Gainera, Manetek ez dizu egile eskubiderik aipatuko, denon zorionerako.

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bai, Tomax, arrantzaleak eta oro har guztiok, bitsa darigula gaude antxoa kontuetan. Lehengo neska, bere argazkia dela-eta pixka bat haserratu da, eh? Nik ulertzen dut, baina, bere lorategian egindako argazki bateagatik... tira, besteren argazkiekin tentuz ibiliko naiz aurrerantzean.
Hau esan du Erramun Gerrikagoitia erabiltzaileak…
Aipatzen duzu esaldi edo refrau hau:

Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean

eta ondoren egiten kommentario hau:

Euri lantxe, ederra! hau da, euri mehe edo xehea.

Nik eta ere nire ustez edozeinek ez luke ulertuko eta interpretatuko hori euri lantxe hori nola euri mehe edo xehea baizik nola euri bezain beste. Esan nahirik euria egiten duen lantxe bestea ere ...

Baina hor ez dio ezer buruz nolakoa izango da euria edo xehea, sirimiria, zaparradea, trumoitsua, langarra, zaldizkoa, haizetsua edo ... beste.

Nondik atera duzu hori, Kepa, hori hon hori lantxe hori dela mehea edo xehea? Zeren, Kepa, explikatzen duzu:

Euri lantxe, ederra! hau da, euri mehe edo xehea.

Zergatik pensatzen duzu hori dela holan?
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Gotzon Garatek berak ematen du azalpena parentesi artean. Niri neuri ematen dit "laino"-rekin zerikusia daukala. Badira "lantxer", "lantzurda" eta antzekoak ere.

"Euri lantxe (meha, goxoa) apirillean, antxoa bitsa molla gañean"
Hau esan du Erramun Gerrikagoitia erabiltzaileak…
Bai, Kepa, izan ahal da. Ni zelan naizen bizkaitarra ikusi dudanean hori lantxe hori etorri zait bizkaierako lantxe hori baina, bai izan ahal da, adjektivo bat hon euria, euri lantxea zein adjektivoa nik ez nuen ezagutzen.

On litzateke jakitea nondik edo non bildua zuen hori esaldia hak Gotzon Garatek.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Jo! Irakurri dut zer gertatu zaizun argazkiarekin, Kepa. Tomaxekin bat nator Maneti buruz dioen horretan.


Kristina.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Erramun,
hausnarketan ibili naiz eta baliteke zuk arrazoi izatea eta ez, Gotzon Garatek. Zuk aipatu arte ez naiz konturatu, baina egia da uler litekeela, "apirilean beste / adina euri egoten dela antxoa bitsa moilletan" Guk "lain" erabiltzen dugu eta "lantxe" horren txikigarria izan liteke, ezta? Mila esker, zure azalpenagatik.
Hau esan du Erramun Gerrikagoitia erabiltzaileak…
Hara Kepa ni ere vueltaka ibili naiz horri esaldiari -ez phrasea baizik esaldia: esaten dena-

Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean

eta uste dut interpretatu ahal izateko nola nik interpretatu nuen eta ere nola orain zuk duzun behar luke egon euri hitza determinatua, euria, holan:

Euria lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean

Baina uste dut bai izan ahal dela nola agertu da lehenengoan:

Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean

Hortaz, nahi balu sartu blog hontan, esan ahal luke eta argitu zeozer berak Gotzon Garatek zeinak interneta ba du eta skribitzen du interneten ere.

Bestetik, eta prinzipalki, behar da jakin ea existitzen da hori adjektivoa lantxe dagokiola euriari edo beste. Geographikoki non kokantzan da edo zen jakitea ere ondo legoke. Nik, aitortu nuen lez, ezin dut hontan lagundu ze ezezaguna da niretzat hori adjektivoa, lantxe.

Apportanterik balego hobe. Ait ledi.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Tira, Erramun, ez dakit mugatu behar ote litzatekeen, ze, sarritan hauxe esaten dugu: "Hori erosteko lain diru badaukat", ez "lain dirua". Baina, jakina, atsotitzak ez dakar "lantxe euri", "euri lantxe" baizik, Eta horrexek, ordenak, ardura dit. Osterantzean, adjektiboa izango balitz, ez ote litzateke "euri lantxea" izan beharko?
Hau esan du Erramun Gerrikagoitia erabiltzaileak…
Esan dut adjektivoa baina seguruenez txarto esan dut. Barkatu ze grammatikan eta batez ere grammatikako terminoetan ez naiz oso ona eta abila. Beharbada, eta beharbada diot, hobeto legoke esan banu adverbioa.

Berba batean diot ze izan ahal da honena:

Euri lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean
(hau da originala)

edo bere parekoa:

Euri beste apirillean, antxoa bitsa molla gañean

edo

Euria lantxe apirillean, antxoa bitsa molla gañean

Euria beste apirillean, antxoa bitsa molla gañean

Baina esan nuen lez ibili beharrean interpretatzen arriskua izanik txarto interpretatzeko hobe litzateke joatea iturrira: gana Gotzo Garate, zeinak eman ahal luke informatione zuzena eta beharbada ere hainbat argibide interesante.

Baina ez duke merezi gu ibiltzea vuelta vueltaka aiduru hutsekin.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Azkenean, neure datu-basean topatu dut "euri-laintxe", "euri-lantxe", "euri-lantx". Ondarroan erabiltzen omen da eta Eneko Barrutiak dakar bere hiztegian: "Bizkaiko arrantzaleen Hiztegia". Euria txikia da, jakina.

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda