Martxoko bost ostiraletarik...
Jainkoak begira gaitzala! Aurton, hain zuzen ere, martiak bost bariku dauzkanez gero, ezin aproposagoa zaigu honelako egunean atsotitz hori blogeratzea. Esaera zahar horrek aroarekin zerikusi handirik ez badu ere, jakin dakigu eguraldi kontuetan ostirala egun gorri-beltz samarra izaten dela. Beraz, gertakizun ezinago gordin agituko omen zaizkigu hil honetan. Begira ezazue zeuen burua! Ildo beretik, atsotiztegian badira eite bereko beste zenbait. Adibidez, ostirala beti ilun, nola argitu hala ilun... ; artaldirik edukiz gero, ez aldatu tokiz, izan ere, ostiralean artaldea aldatzea txarra. Gaur neska-mutiletan asmorik badarabilzue, ez ebaki azazkalik, ze, barikuetan atzazkalak ebagitea txarra. Ezkontzekotan? ezta pentsatu ere! Ostiralean ezkondu suerte txarra! Egubakoitzean jaio zarela? Uf, zeuk ere zorte txarra! Ostiralean trumoiak jotzen duela? Bada, bederatzi egunean joko omen du, Barikuko trumoiak bederatziurrena... Eta astelehenean... ortziak latz eta garratz joko omen digu. Ez dakigula eror zerua geure buruaren gainera!
Iruzkinak
(landalan otsoak bezala segitzen duzula ikusten dut, iparraldean diostaten gisan: "biba zu!")
Zerua ezin da erori, gau bat izarrei begira pasatu duenak badaki zer esan nahi dudan...
Oi, Pello, Pello, zer diozu?
(Ezin gara mehatxupean bizi)
Kristina.