Candelario herria (Salamanca-Espainia)
Zezeileko lehenengo egunetan hasi ohi da neguaren bigarren aldia. Hori dela-eta, makina bat herri-sinesmen eta atsotitz dauzkagu, izaera meteorognomikoa daukatenak. Behinola komentatu genuenez, erditu ondoren amak etxetik elizara lehenengo aldiz berrogei egunen buruan abiatzen ziren kandela eskuan (gaur Kandelaria eguna da); "berrogeialdia"agertzen da hemen berriz ere, izan ere, 40 egun dira abenduaren 25eko gauerditik (Jesusen jaiotza) otsailaren 2ra arte (Jesusen aurkezpena). Hori guztia, ziklo biologikoa ez ezik, ziklo klimatikoa ere bada, jakina. Sarritan gertatu ohi den legez, antzinako ospakizun baten gainean, Elizak berea ezarri duen arren, ohituren horren lorratzak izaten dira han-hemenka barreiaturik. Hainbat ekandu bere egin ditu Eliza margo kristaua emanik. Otsaileko lehendabiziko egunok urteko meteorologia-zikloan garrantzi handikoak dira, inondik ere. Beraren ingurura atsotitz mordoa biltzen dira. Adibidez, Kandelaria dela-eta, hona hauek:
- Kandelario bero, negua gero.
- Kandelario hotz, negua motz.
- Kandelario egunean eguzkia ikustea baino, otsoa ardi tartean hobe.
- Kandelario, elurra dario. San Josek [edo San Blasek] lagunduko dio.
- Kandelario, lario, lario, atxari ura dario, makatzari madari, eutsi Peru hankeari.
- Kandelario hotza, neguaren bihotza.
Beraz, gaurko aroari erreparatu beharrean gaude nolako negua izango dugun antzemateko. Itxuraz ez bero, ez hotz. Hori dela-eta, beste atsotitz bat asmatu beharko dugu. Nik hauxe proposatzen dut:
Kandelario hotz zein bero, negua ez da motza izango, gero!
Iruzkinak