Gorapenean, izotza
Lehengoan azaldu genuen nola ilberriarekin bateratsu hasten zuen osterantzeko egurats-aroa, urtarrilaren 20tik otsailaren 2ra, hots, ilberritik ilbetera doan tartea. Pasa den ostegunarekin amaia jo zuen elurteak, ilgorarekin bat, eta izozteari esetsi dio gupidarik gabe euskaldunon muki guztiak gogortzerainokoxe hotza egiten duela. Gorapenean, izotza, inondik ere! Itsasertzeraino iritsi da lei zuria eta dantzan eta dardarka jarri gaitu. Hurrengo ilbeteak aro makurrik ekarriko ote digun zalantzan dugu oraindik, baina baliteke beste elurtetxo bat datorren astean izatea. Ea ilbete, lagun... Ondo asko letorkiguke, bai alajaina! Gorapena dela-eta hauxe topatu dizuet han-hemenka: Izotza gorapenean, aro fresko ederra abian. Horrexetan murgildurik gaudela ez dago batere dudarik ere; Xerri ordotsa gorapenean hil behar da. Oraindik txerririk hil ez baduzue, baliatu egun hauek txerri arra hiltzeko; azkenik, gizona sendoa dela denean gorapenean sortua dela esaten da. Gizona aurkitu dut, ez emakumea, aurreko kasuan bezalaxe, xerri ordotsa, ez, xerri ahardia. Agian zera esan behar genuke: Gorapenean sortua de jendaki hori.
0 Comments:
Argitaratu iruzkina
<< Home