Orotarikoaroa
Ilberria dela, Santo Tomas dela (Tomas, taloa jan da jolas, ohera joan da zirina, Tomas ipurzikina), S'il gèle à la Saint Thomas dela, mihura dela, Eguberria dela, Calendario Lunar 2007 dela eta Ekialdeko ordutegia dela eta ez dela (Erramun, ondo pasa Grezia aldean!), prakak eta galtzak bete lan jardun du egunotan gure EtnoMetek. Eskerrik asko guztioi zuen ekarpenengatik! Bestalde, batetik, negu ofizial eta etnometsuan sartuta gaude dagoeneko: aldaerak aldaera, Euskal Herri osoan izendapen bakarra ez dauka, bada! Bestetik, setati eta temati jarraitzen du karroin haize honek, hodeitza-estalkiari esker epeldu duen arren, berriz ere hego-mendebala noiz iritsiko zain. Pellok esan beharko digu, baina, neguko tenporetako lehenengo zatia ipar-ekialdetikoa ikusten da, baina bigarren zatia -aste osoa aintzat harturik- hego-mendebalderanzkoagoa, ezta, Pello? Hik esan. A, ahaztu baino lehen: erosita daukat Pelloren liburua eta zinez interesgarria dirudi, atsegina eta mamitsua aldi berean. Zorionak, Pello! Amaitzeko, domeka arratsaldean atzamarra ageria eduki dezazuen atsotitz baten berri emango dizuet: Olentzero (Abenduak 24) arratseko haizeak berrogei edo hiru illabete(a)n segitzen du. Beraz, orduko haizea nondik, hurrengo hilabeteetan handik. Negu hotzaren aurresentipena?
Iruzkinak