EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko herri-gunea.

2006/12/26

Olentzerok hego haizea ekarriko digu

http://www.aramet.es/Imagenes/Galeria/Cencellada_Tio_jorge2.jpg

Igande arratsaldean Olentzerorekin batera Biarno aldeko haizea gailendu bazitzaigun ere, bihartik gora, aipalditxoko gure lagun hego haizea jaun eta jabe izango dugu Euskal Herriko bazter guztiak harrotu eta nahasten. Zer dela-eta aldaketa hori? Bada, lehengoan komentatzen genuenez, askitxo da Azoreetako antizikloi maitea eskuinetara mugitu samartzea, Europan barrena, beraren ezkerraldetik aurreko haizea sar dakigun. Hala ere, ez dira gutxi izango pozteko direnak, izan ere, oskarbiari esker egunotako mukitze-gogortzeak lagun asko zeharo astinduta utzi bide du. Etxeko terrazan zero azpitikoak neurtu izan ditugu eta hori Bilboko itsasadarraren ondoan bizi izanez... Makina bat irudi zoragarri ikusi izan dira egunotan eta gehientsuenetan antzigarrak, izotz zuriak, margoztu ditu zuriz horrelakoak. Laino eta antzigarra elkarren lehian ibili diren tokietan euri-lantxurdak elurra egotzi balu bezalako alderdi izoztu-izoztuak utzi ditu. Ikaztegieta aldean ebilantzurda erabiltzen omen dute antzigar-laino horrek sortarazten dituen alderdiok izendatzeko. Baldin lantxurda laino + zurda elkarketatik badator, zergatik arraio idatzi behar da lantxurda eta ez, lantzurda? Beti lan eta lan...

5 Comments:

  • At 18:54, Anonymous Anonimoa said…

    Horra Euskara Batuaren eta Dialektologiaren arteko eguneroko elkarlanaren beharra.
    Euskara Batuaren barneko idazketari dagokionez, errespetu handiko gaia zaidala esanen dut; askotan ez da erraza eredu bat eta bakarra hartzea, eta tentuz hartu beharreko erabakia dela iruditu zait beti. Duela hamarkada batzuetako Euskaltzaindiak ortografiaz idatzi zituen eztabaidekin oraindik "txolinduta" nago, baina apalki zera esan nahiko nuke:

    1- Hitzen jatorriaz: egia da, Kepa, "n + z = tz" dugula, baina "laino" da hitza, ez "lain"; hortaz, "lainozurda"-n abiatu behar, agian "lainosurda/lainoxurda" izan zena, eta hortik –ez luzera, silaba ugari dira-eta-, "lantxurda" -edota "tx/tz"-dun aldaerak, batera, hizkeren arabera-, agian? Zer deritzozue etimologia zoro hauei?

    2- Jakin beharko litzateke “lantzurda/lantxurda” non eta nola esaten diren:
    Gerta liteke “tz/tx” bikoteak bustidura adierazkorra isladatzea, hots, agian zuk hobeto dakizu, Kepa, baina eguraldiaren terminologian soinuen irudikapenek garrantzi handia dute; edota hizkera baten ahoskera gainontzekoenen artean gailentzea.

    3- Gainera, nire ustez, gauza bat da elkarketa non abiatua den, eta oso bestelakoa, elkarketa bera. Testuinguru fonetiko-fonologiko, morfologiko, eta semantiko ezberdinak izanen genituzke.

    Honetan guztian, esan bezala, Euskara Batuaren eta Dialektologiaren lana nahitaezkoak direla pentsatzen dut; eta galdera hauen erantzun batzuk, Kepa, zuk emanen dizkizguzu zeure lan dotore horretan, ezta?


    Kristina.

     
  • At 13:00, Blogger Kepa Diegez said…

    Kaixi, Kristina nekaezina! (kar, kar, kar)
    Tira, kontu fonetikoak direla-eta, "laino" baino lehen, badirudi "lano" genuela eta elkarketetan sarritan bi silabako hitzek azken bokala galtzen dutela silababakar bihurtzeko. Adibidez, begi->bet; ogi->ot... Hortaz, zentzuzkoa izango litzateke "lan+zurda" izatea. Corpusean "lan-" mordoa daukat: "lanbera", "lanbro", "langar", "lanpar"... Beraz, "zurda"-k antzigarra esan nahi duenez... (Diman, ostera, lainoa)

     
  • At 17:36, Anonymous Anonimoa said…

    Kepa, zu zara 'ta esan duena "Baldin lantxurda laino + zurda elkarketatik badator[...]", e? Izan ere, niri Euskal Filologian oso ondo irakatsi zizkidaten "lano, lan(h)o, laino, laño" eta horiek guztiak! Badakit "ai" hori testuinguratzen. Horregatik nioen "etimologia zoroak" zirela. Gainera, euskararen historiaz ikastea ere gustoko dut, Mitxelenak karrera "topoan" egin zuela zioen, eta, distantziak mantenduz, nik autobusean egin dut karreraren herena.

    Eta, zer deritzozu 2- eta 3- puntuetan plazaratzen nuenaz?


    Kristina.

     
  • At 12:26, Blogger Kepa Diegez said…

    Bai, arrazoi duzu. Lehengoan txarto azaldu nuen. Diozunez, "laino" baino lehen "lanno" eta "lanho" izan dira, hori dela-eta, nire uste ttikian, "lantzurda" erabili beharko litzateke. Zure bigarren puntuarekin, ados, bustidurak badu garrantzi handia, hala ere, jasotako adibide guztietan, "-tz-" baizik ez daukat. Hirugarren puntuarekin ere bat nator, gainera, arau fonetiko batzuk beti errepikatzen dira elkarketa zaharretan. Laburbilduz, "lanzurda"-ren alde egingo nuke.

     
  • At 23:04, Anonymous Anonimoa said…

    Aupa zuek!

    Baina zer ari zarete 'bustidurarekin', aspaldian euririk ez badu egiten? Eta elurrik? Tokitan dauz horreik! Segi zuek lanean, guk, lantzian behin gustura irakurtzen ditugu eta...
    pellozabala

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------