Goietan lehenengo elur malkoak
Ez dute kale egin, ez, iragarpenek eta lehendabiziko aldiz negu-udazkenaldi honetan ikusi ditugu mendi tontorrak elurra dariela. Horrelaxe jazo zitzaidan atzo goizean, terrazara irten eta mendi puntak zurituri samarturik begiztatu nituenean: Ganekogorta, Eretza... atzoko poza! Ematen du behin betiko uxatu ditugula hego haize erreak eta enparauak. Bejondigula! Gainera, badirudi gaur hasitako asteak hotzerantz egingo duela, behintzat, goizeon, hotz moduko zerbait igarri dut terrazara irten naizzzeneannn... 4ºC, hain zuzen ere. Euskal Herriko beste zoko-moko zenbaitetan ziur leitu duena, batez ere, barrualdean, ezta? Atzo mendian ibiliz gero, baten bati jausiko zitzaion elur malutaren bat, baita jausi ere! A ze gozamena! Batuan izendapen hori gailendu bazaigu ere, izenburuan ipinitako metafora erruz gustukoa dut: elur malkoak. Azkuek bere hiztegian horixe jaso eta Andoainen erabiltzen zela adierazi zuen. Gaur egun hori entzun duzue? Nik neuk Aian ere badut bilduta eta Mungian hori ez, baina antzekoa bai, edurmako. A ze ederrak elurraren malkoak!
Iruzkinak
Kepa, nik "elur malkoak" bildu dut, baina ene orain arteko datuen arabera, esaten baino ulertzen den sintagma dela esan dezaket. Hitz aspertuan ez dut behin ere entzun, berez galdetu beharreko zerbait da-eta, eta beharbada, metafora normaltzat hartu beharko litzateke.
Kristina.