EtnoMet-kideon aro-trukea...

... edo suertatzen dena Durangoko Azoka lagun, datorren ostegunean, abenduak 7, goizeko 11:30etan Plateruenako atean, Azokaren alboan, alegia. Gero ikusiko dugu bertara edo beste norabait goazen, ezta? Herri-aroaren zale oro gonbidaturik zaudete honetaz eta hartaz berba egiteko. Orain arte, Tomaxek eta Kristinak bertaratuko direla baieztatu dute. Bestalde, gaur hotzaro hasi ez da, bada! (Hil honen izendapenen gaineko argibide gehiago nahi duenak saka beza hemen). Ea egia den eta eguraldia negulehentzen hasten duen! Aro ikertzaile txito jaun-andreen arabera datozen egunak haizetsu eta euritsu izango dira, antza. Atzendurik geratuko dira pairatu izan ditugun egun hegohaizetsu eta epelkeriaz beterikoak... Hilabete guztiek bezalaxe, zenbatgura esaera zahar dauzka abenduak bere baitan. Badago bat atentzioa eman didana: Tabernako neskatxa ederrekin eta abenduko izarrekin ez fidatu. Berriz ere, tabernako neskatxa eta izarrak (oskarbia) atsotitz batean. Txarto gogoratzen ez baduzu azaroan hauxe blogeratu genuen: Azaroko oskarbiarekin eta tabernako neska musu gorriarekin ez fidatu. Neska berbera ala beste bat ote da? Hortaz, hobe luke gizagaixoak abenduan zerua oskarbi ez balego, zer gerta ere!
Iruzkinak
Durangoko zitarako pronto naiz ni neu ere. Espero dut han izatea.
Negu usain apurren bat arrima daiteke, bai. Ilberriak ez du ezer ekarri nahi izan, eta horrelakoetan, ofizio gaiztoa ilargi beteari tokatu ohi zaio: akordatzen dena gogoratuko da orain bi urte ekarri zituen elurte erauntsi haiekin. Orduan abenduko 26an egokitu zen betea, eta berria, berriz, hegohaizetan joan zen. Asteazkena bezala ostirala, oraingo mapetan, izango lirateke bilautxoenak; ea tarteko eguena, apur bat goxoago portatzen den, nahiz eta, zeru izartua ere, sasoi honetan ez den guztiz fidagarri.
pellozabala
http://www.diariovasco.com/prensa/
20061202/aldia/
este-otono-propio-anos_20061202.html
Pellok bertsoak idatzi ditzan puntua ipini dio: normalean tenporez-eta trufatzen diren meteorologoetako batek epe luzeko igarpenak egiten ditu, batetik, eta bestetik alarma deia pizten, zeren eta 1983ko (eta gure zaharrek ezagutu zuten 1933ko) uholdeak ondoko hilabeteetan tokatzen direla intsinuatzen du eta.
Kepari ere lana damaio emakume horrek: "El Niño" nola esaten da euskaraz? Eta kontuz, "Niño" bezala "Niña" ere badaude eta (ala ez?).
Hirugarrenik (biontzako balio du gaiak): gure zaharrek ba al zuten "Niño" horren erreferentziarik zeharka bederik, eta hizkuntzan utzi ote ziguten horren aztarnarik?
Erantzunen bila zuek bion burmuinek xahutuko duten glukosa berdintzeko, saiatuko naiz Durangoko kafealdira pasta goxoak eramaten. Ea zuri ere gustatzen zaizkizun, Kristina.
Tomax.
Gainerako kontuok, geroxeago, lasai hartuta...
pellozabala
Behar bezala erantzuteko astirik ez, -ostegunean bertatuk bertara, bai-, baina aro aldaketa ekarri badakar, asteleheneko ilbeteak uxatuko ditu hegoa haizeak eta enaparauak gure Antzikloitxoa oporretatik buleta dadin. Tomax, ezin sartu DVren helbidean, baina "uholde"-en kontua... epe luzerako iragarpenak...je, je, je... Pasta edo gazta kaletar peto-petoa naizen honi "bardin dasta (zait)", hamaika jateko jaioak gara! "El Niño" eta "La Niña" direla eta ez direla, Peruko arrantzaleek asmaturikoak omen direnez, nik neuk Zuberoako izendapenak (biba Xiberua)zerak proposatuko nituzke: "Pottikoa" eta "Neskatxuna". Zer deritzozue?
Egun ona igaro bihar Durangon. Espero dot Etno-guateke horretaz zeozer blogeratuko dozuela, ezin izango nazelako bertaratu.
Fins aviat!