III. "Herriaroa": Arratia I


"Mahumet" haizea etsai, aro atze-udatsu honetan gabiltzalarik, behinola "Herriaroa" izendatu genuen sailari berriz ekingo diogu. Poliki-poliki, osasuna eta gogo lagun, A-tik Z-ra Euskal Herriko zenbait herriren "hiztegiaroa" sareratuko dugu. Azkenengoan Arabako Aramaio harana izan genuen hizpide eta oraingo honetan A letrari jarraiki, Bizkai aldeko Arratia haranera hurreratuko gara. Dakizuenez, Arratia honako herri hauek osatzen dute: Arantzazu, Areatza, Artea, Bedia, Dima, Igorre, Lemoa, Ubide eta Zeanuri. Datu-basean dauzkadan zenbait berba blogeratuko ditut buru-belarri ikas ditzazuen (Kontuz, gutxien pentsatzen duzuenean azterketa ipiniko dizuet!). Luze samarra denez gero, bitan banatuko dut. Berba gehienak Azkuek dakartza bere hiztegian. Jakina, zenbait hitz Arratian ez ezik, beste zenbait herritan ere erabiltzen dira. Ea Arratia aldekook animatu eta osatzen duzuen zerrendatxoa!


OHARRA: Irakurleren batek bere herriko hitz sortaren bat argitaratzea nahi badu, adieraz dezala hemen eta hurrengo batean saiatuko naiz zerrendatzen.

ABRA: Haize hotza. Abregogorra, orti abria dator; Itxizu ate ori, abrea dator-da.
BITARGI-UNE: Euria atertzen dueneko tartea.
EDUR-LUMA: Elur maluta.
EDURRA EGOTZI: Elurra egin.
ENBAT: Laino iluna.
ENGALAS: 1. Neguan kristalak estaltzen dituen ur-geruza. 2. Izotz-kristal. Engalastu da leia.
ENGALASTU: Kristala izotzez bete.
ERLAIÑO: Behe-lainoa.
ERUR: Elurra. Urte erurrezkoa, garizkoa. (RS, 150). Erur asko dan urtean, garia; ta erle asko dogunean eztia (RS).
GOI GIBEL: Zeru goibela, lainotua.
ILONDO: Ilargia ostendu ondorengo eguna. Illondoan egin bear dira: ongarria itzuli, babazarra erein, txerria il.
INONTZ: Ihintza. Busti ta samurtu zeruko iñontzaz ene biotz gogor, leor, agortua. (Añibarro, Eskuliburua).
IPARGORRI: Ipar haizea.
IRARGI-BETE: Ilbetea.
LAINATU: Zeru lainotua, goibela.
LAINO-BERA: Lanbroa.
LAINO-TORRE: Hodei beltza, hodeitzarra.
LANBERATU ad.: Aro hotza epeltzea. Otz dago, otzegi edur egiteko: lanberatu dagianean, bai egingo dau elurra.
LAINOBERA:Behe-lainoa.
LEI: Izotza, izotz zuria. Loiaen ganeko leia, euria (RS, 44). Euriaren ganeko leia, euriaren deia. (B).
LEIAIZE: Haize oso hotza.
LEI-KANDELA: Izotz buruduntzia.

Iruzkinak

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda