Zestoako hizkera: eguraldia
Opor aurreko egun lainotsu eta lodiotan, batzuk pozik, beste batzuk murko -betiko dikotomia, zer da aro ona eta zer txarra?- eguraldiak mehetu nahian diharduelarik, liburuxka baten berri emango dizuet: Zestoako hizkera, eguraldia. Apirilaren 19an eman zuen beraren berri Asier Sarasua eibartarrak bere blogean -Eibartik- eta gaur hona ekartzea erabaki dut interesgarri suerta dakizuekeelakoan. Zestoa ladea erabiltzen diren hitz eta esaera zenbait dakartza, marrazki dotore-dotorez apainduta. Hitzaurrea Pello Zabalak egin du -Biba Pello, eltze askotako burruntzalia!- eta bilketa lana, besteak beste, Agurtzane Azpeitiak. Liburudendetan salgai ez zegoenez gero -zein gaitza den honelako lanak zabaltzea!- bertako Euskara Zerbitzuko teknikariarengana jo nuen, Nora Palmitano, uste dut argentinarra dela, eta esan zidan udaletxean bertan lor zitekeela 2 euroren truke. Zestoa aldera, oraingoz joan ezina adierazi eta amultsu baino amultsuago etxera igorri zidan jasotzean ordaintzeko. Beraz, eskuratu nahi izanez gero, bi aukera dituzue: bata, Zestoa aldera joan -urruntxo bizi zaretenok txango eginda- eta bestea Norari berari eskatuz. Beraren e-posta hauxe duzue: euskara@zestoa.net . (Nora, barkaidazu lan handia ematen badizut!) Nik dagoeneko berba guztiak datu-basean sartu ditut eta gehienak ezagunak izan arren, beti egoten da baten bat harritzen nauena. Hurrengo batean esango dizuet zein.
Kontent bizi! (Atzo, negar eta guzti egin genuen etxean Bertatik Bertara azken saioa ikusita. Hunkigarria izan zen!)
Iruzkinak
Haren atsotitz bildumako beste batek dioenez "San Pedrotan katu pixe ainbat euri baldin bada, gaztañe izango da". Total, ohartu orduko San Tomasetan egongo gara...
Tomax.
Oso ederrra, Zer ulertzen duzu zuk?
Atzo nire urtebetetzea eta gaur nire santua ere... Zorionak, Pello!!
Aste osoa apartatuta ibili naizenez, zuen hutsunea ezin bete izan diat. Banian presarik ere etxera itzultzeko...
Kukurik ez diat entzun, Tomax, aste osoan. Picos de Europa inguruko mendi alde haietan, kuku arrastorik ere ez: zozoak, dozenakatik gora, zientoren bat hor nonbait. Birigarro lotsagabeak ere bai, dozenerdiren bat. Goizeko seirak bost gutxiagotan esnatzen ninduteken; bai airoso jaiki ere... txoriak nahi beste, beleak eta oskillasoak, nahi baino ugariago... Kukuarekin ezta akordatu ere! Hori bai! Gaztaina loratik pasa eta morkotx-ttikiak egun hauetantxe gorputx pixkatxoa hartzen. Gaztainekin lotuta uztaileko 22koa, Santa Madalena nola dagoen lotuta, San Pedrotako Keparen erranairuarekin harritu naiz. Nago 'katupixarena' beste zeozerena dela. Argitzen saiatuko naiz, baina... alegia, gaztainena, gure paraje hauetarako goizegitxo ote den, edo ote zen lehen... orain azkarrago baitatoz zuhaitzen loratze horiek. Horietatik dator nire kezka nagusia klimaren aldaketa ttikiren ote dabilen horietan denetan...
Jardungo dugu honetaz: Erramunek ere izanen du argibidetxoren bat.
pellozabala