EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/06/16

Urdin izar III

“http://yumis.net/space/star/k_image/rigel-z.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Badirudi apurka-apurka ezagutuz goazela Iruña-Veleiako idazkunei buruzko jakingarri gehiago. Ricardo Gomez irakaslearen FiloBlogia blogean ezin eztabaida interesgarria sortu da egunotan agerturikoaren gainean. Bejondizula, Ricardo, egunero maisuki berriak bideratzen jakitegatik! Gure gaiari dagokionez, "Urdin izar", iritzi interesgarri bat topatu dut. Izengabea da, zoritxarrez:

"Azken egunetan aipatze ari den beste arazo bat, balizko inskripzioei dagokienez, URDIN IZAR horren hitz ordenean omen dago. Euskarazkoa izena+adjektiboa baita. Gogoratu hori izan dela zenbaitetan iberikoaren eta euskararen arteko ustezko parekotasun batzuk baztertzeko argudioetako bat. Tira, ados nengoke baldin eta GORRI IZAR edo antzeko zerbait agertu izan balitz. Baina URDIN hitza bestelakoa da. Mitxelenak artikulu bikain bat egin zuen horren harira. Bertan luze aritu zen URDIN hitzaz eta -DIN bukaera zuen beste batzuez (adin, gordin, berdin...). Oker ez banago *EDIN aditz modala ikusten zuen horrelakoetan. Eta -DUN atzizkiarekin (duen>-dun) barnean erlatiboa daukanarekin parekatzen zuen formaren aldetik. Hartara, pentsa genezake honelako antzekotasunean:
TxapelDUN gizona/ urDIN izar
Alegia, garai hartan oraindik ez zen adjektibo huts bilakatua, eta artean barnean zeraman erlatiboaren pisua sentitzen zuten hiztunek, horregatik hurrenkera hori.
Aipatu artikulua "PALABRAS Y TEXTOS"-en zegoen. Eta nire ideiatxo honek cpoyright-a dauka, kar, kar, kar..."

Guztiz bat nator lagun horrek aipatutakoarekin. Mitxelenak ederto batean azaldu zuen delako artikulan "-din" atzizkiaren balizko jatorria. Bestalde, Joseba Lakarrak dio SOV hizkuntza guztiek ez daukatela ADJ+IZ hurrenkera. Egia da, baina, badirudi gehiagotan azaltzen dela hori IZ+ADJ baino. Joerak eta estatistika kontuak baizik ez dira. Tipologia ere liluragarria da, baina ez da gure eremua.
Bestalde, "urdin" eta "izar" berben artean "zerbait" omen dago, zeinuren bat, ikurren bat, izarren bat? Hori dela-eta, baliteke bi sintagma izatea, eta ez, bakarra. Nik neuk bakarra izango balitz nahiago nuke, horrela imajina genezake udako gau zohardi batean Egipto aldetik etorritako maisu bat (mutila) bertako euskaldun batekin (neska) suaren inguruan honetaz eta hartaz ari zirela, ortziari begiratu eta izarrak hizpide -mutil egiptiarrak neska euskalduna gogatu eta xarmatu nahi zuelarik- halako batean hauxe gerta zitekeen:

- "Ikusten duzu hor goian dauden izar horiek. Guretzat Osiris faraoi-jainkoa da. Ni bizi naizen herrian, Osiris faraoi-jainkoak nekazaritzari buruzko artea irakatsi omen zion gure herriari eta bere anaiak anumalia-buru batekin hil ondoren hildakoen artean berpiztu eta izar-multzo horretara bizitzera joan omen zen. Hor diren izar guztiak ikusgarriak dira oso. Zuek ezagutzen dituzue izar horiek?"
- Ezagutuko ez ditugu, bada! Hor urdin-urdin ikusten den horri URDIN IZAR deitzen diogu...

Politegia, ezta?
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------