EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/06/14

Koarta-tenporen astea. Pello Zabala

Aurretik bihoa, berandu iritsi direnak eskolatzeko, koarta-tenporek 4 irakurketa edo diagnosi utzi dizkigutela eskura. Ez prezeski tenporek eurek: gure euskal laborarien artean ikasiak, handik eta hemendik peskizan ibilita, 4 eskola topatu izan ditut nik.

Zabalduena eta edonon topaturikoa: “larunbat gauerdian zein haize zebilen jakiteko gure aitajaunak lastargia pizten zuen, kea nora, haizea hara...! Bestetzuk lantegiko tximiniaren ke-tximari erreparatuko zioten...

Hurrena zetorrena, hau eskualde batzutan sekretu ta harribitxi gisara gordea: koarta-tenpora egunak asteazkena, ostirala eta larunbata dira; zein haize dabilen egun horietako bakoitzean, haize huraxe nagusi hurrengo hiru hilabeteetako banatan hurrenez hurren... Eskola hauxe izan da azken urteotan gehien zabaldu duguna, neroni hartara saiatuta...

Bada, ordea, Bizkai aldetik, “kontratenporei” begiratzeko ardurea. Alegia, tenpora-egun jakin horien ostean datorren asteazkena artekoari erreparatzekoa.

Halaber euskal herrietako ekialdeko beste puntan, Xuberoan, alegia. Han ere, aste osoari, zortzi egunei nahi diete begirada finez errepara.

Azken bi hauek, alde banatako erpinetan gorde izan badira, seinale erdiguneko biztanleok, gauzak ahalik eta (ustez) errazen eta azkarren egitearen aldera, ohitura meheenarekin gelditu garela, aste erdian ja, larunbateko haize jakinarekin kontentatzeko, ordura bitartekoa 3 hilabeteotan nolabait koadratuz...

Horregatik, udaberrian gertatu denaz akordatzea besterik ez daukagu deskuido dezentekoak ematen dituenaz jabetzeko: ostiral-larunbatek sekulako euriteak (104 litro) ekarri zituztela eta, ‘udaberri euritsua eta bustia’-ren pregoia zabaldu zen presaka bazterretara. Ez hala, hurrengo beste lau egunei begitandu zienen aldetik: igandea erdipurdiko eta beste hiru egun sano garbi garden distizariak izan zirelako.

Nola portatu da, bada, udaberria? Lehenik, nola joan zen koarta-tenpora astea? “Haize-dantza” izan genuela, hala ikusi nuen nik.

- Asteazken-ostegun: hegomendebal haizea, apurka, mendebaletik iparreruntz.

- Ostiral-larunbat: iparmendebala ta iparra, euri eta euri (100 litro pasa...).

- Igandea: maxkal hasi, euri apurrekin, eta argitze aldera...

- Astelehen-astearte-asteazken: dotoreak, garbiak, gardenak, sano-sanoak...

Eta...? Zer ekarri du udaberriak?

- Martxoko ilbetetik apirilekora, 95 litro (15 egunetan euri)

- Apirileko ilbetetik maiatzekora, 110 litro (17 egunetan euri eta lanbro)

- Maiatzeko ilbetetik ekainekora, 9 litro (4 egun lanbro eta euriska). Aldiz,.

azken ilberriak ekarri zituen 5 litroak kenduta, 16 egun doaz idor eta ihar. 24 egunetan, 7 orduz gorako eguzkia izan dugu; 4 egun, ordubete eguzkiz azpikoak. Beste ñabardura bat: apirilaren 21ean bi trumoialdi (30 litro)... handik gaur arte, 54 egun, ta 52 litro besterik ez... (Esan gabe doa, Arantzazuko datuekin nabilela).

Eta, udari begira, koarta-tenporen asteak... zer ekarri digu?

Bi atal bereziko nituzke: lehen lau egunak, eta beste lauak.

1) lehen lauak.

- Aurreko korda luzetik datozenak: sano samarrak, bero jasoa ekarri duten arren (30tik pasa bi lehenak, 30ra iristear ostiral-larunbata), umiditate bariko eta sargoritasun gutxikoak: %40-tik 24-ra 3 lehenak, %35-tik 70-ra igo zen larunbat gauerako... zeru garbiak, larunbatean ezik... Alegia: 3 lehenak garbi gardenak, larunbata ‘zikinxeagoa’; 3 lehenak bero erre itogarridunak, larunbata, arnas hartzen uzten zuena, bere orduan eguzki jasoa izan zen arren...

- Hori dena, -hau inportante,- haize hego-ekialdeko xume ahul disimulatu emea zegoela, zebilela bainoago. Halere, haizea horren ahul eta herrena dagoenean, kostako brisara gustura sartzen da itsasaldeko lur xortak freskatzera. Hori egin zuen kosta aldean, batzutan lanbrolaino estimagarria oparituz.

2) bigarren laukotea:

- Lehen 4ak udaberriko giro garden gozotik zetozen; hurrengo lauok, ordea, udak dakarkeena bideratzen dute. Igandea, fresko samarretik abiatu zitzaigun: 13-14º goizaldera; % 85 airearen hezedura, bai, baina %20-raino jaitsiko zen garbi eta ihar. Beroak ere, 30ºak agudo pasako zituen. Halere, egun sano antzekoa, goietan ekialdeko hego ikuttuz laztantzen zuelarik.

- Astelehen, astearte eta asteazkenok, giro ‘pinttarra’ ekarri dute. Eguzki beteko egunik ez da egon jada, egunetik egunera zikiñago zerualdea. Umiditatea koska oso nabarmenetan: astelehena % 23-raino jaitsita ibili zen ia gauerdiraino. Hor, % 84-ra igo (bi ordu eta erdiz lanbrolainoa sartuta)... asteartea, % 20 eta 30-eko umiditate eskasian mantendu da. Gauerditik aurrera, lanbrolainoa berriro, % 74-raino igoz... asteazkena, lanbrolainoekin abiatu dena, egunez, % 10-eraino jaitsi da eguerdi ostean... Eguratsaren eroaldi eta hezetasun dantza oso xelebrea, azken lau egunotan gauzatu dena.

- Eguzki galgatan ere, tenperatura otxanagoa izan da: 27 astelehenean, 26 asteartean, 28 asteazkenean. Goizak freskoxeago: astelehenean 17º, asteartean 16º, asteazkenean 14º. Baina, laino maxkalen presentzia, arratsaldez potoloxeagoak ere bai, sargori puntua hartzen joan da egunetik egunera. Bero hau astuna da, kargantea, zakarra, sarkorra... sargori hitzak adierazi nahi lukeena.

- Baina, hau dena, -hau inportante, berriro ere-, haizearen kariaz dator. Haizea dezente mugitu da, beste lau aurreko tenpora egunetan ez bezala, eta horrek baluke zeresanik: udan aurrera goazen heinean, beroa ere pixuagoa, zakarragoa, astunagoa, karganteagoa eta sargoriagoa suerta daiteke. Haize dantza, edo agian, borroka komeni zaigu beroak itoko ez bagaitu, eta euri xorta bat edo beste ekarriko badu. Posibleago, beti ere, ilargi kaxko eta koxketan...

- Badut beste esperantza poxi bat: uda aurrera ahala, tarteka, itsasaldeko labrolainoa, terrala baino hezeagoa, sartuko dela iñular eta goizalde batzutan. Honen konpainia, guretzat freskagarri den neurrian, zuhaitz eta landarediaren onurako bendizio hutsa da. Zuhaitz autoktonoek batipat, hostoa zabal-zabal egon ohi dira horrelakoetan: orri bakoitzak tantan mordoska bat jezten dizkio lanbrolainoari. Euririk gabe lurra ongarritzeko artisautza da hori, gure basoetako martingala aproposa.

Eta nolako perretxikoak etortzen direla gero!

Pello Zabala

4 Comments:

  • At 12:18, Anonymous Anonimoa said…

    Ea ondo ulertu dizudan, Pello:

    - udaren lehen zatia (noiz arte, gutxi gorabehera?) bero sanoa eta hezetasun gutxi, hego ikutuko haize ahularekin.

    - udaren bigarren aldia (noiz arte?), sargori eta hezetxoago.

    Eta galdera bat: euririk ez al duzu ikusi? Zeren eta martxa honetan, iazko abuztuan Urbiak Bardeen itxura baldin bazuen, aurtengoan Sahara emango du...

    Tomax.

     
  • At 22:25, Anonymous Anonimoa said…

    Aupa, Tomax, eta konpainia...
    Udaren lehen eta bigarren parterik zehazterik balego, santio alde hori seinalatuko nuke. Hori da, berez, bero erreena, 'kanikula' edo gure 'udamina' hasten denekoa, uztailaren 23an juxtu. Horraino lehen partea, eta hortik aurrera bigarrena, irailaren lehen astea pasa arte edo...
    Azken batean, udaberriko egun garden puru haiek, gero maiatzean etorri den eguraldi sanoenekiko aste parea eta beste ekarri duten bezala, beroa kargatzen joan da pixkeanaka: halaxe egin du koarta-tenporen astean ere, lehen egunetatik oraingoetara, sargoritu ta zikindu egin da eguratsa. Orduan, udaren bilakaera ere bide astiroko horretan ikusten dut.
    Euria diozu? Koarta-tenporek, gure aurrekoentzat, haizea adierazten zuten. Gero, haizeak, gehienbat ekartzen duenarekin konformatu beharko. Nik esaten dut, tenporek ez diotela zenbat grado eta zenbat litro egingo dituen, zein haize baino. gero, ipar haizeak badaki ura barrabarra ekartzen, eta baita, beste gutxi batzutan, modoxo portatzen, aurtengo apiril aldea bezala. Hegoak ere, normalean ez asko, baina badaki bazterrak nahasten eta euriz poliki jokatzen, batez ere aldaizea sartzen denean. Oraingo aste honetan aldaizerik ez dugula sentitu? Sentitu ez, baina ikusi bai. Tarteka, hor goiko sabaiko laino batzuk hegomendebal ikutuz pasa izan dira. Badut itxaropenik, bigarren parte horretan, haize festatxoa izan genezakeela, eta orgiatxo horiek badakite bazterrak bustitzen ere... Hala nahi!
    pellozabala

     
  • At 23:41, Anonymous Anonimoa said…

    Bueno, Kepa: egingo al dugu uda honetako tenpora eta kuartatenporen inguruko pronostikoen laburpen bat?

    Aurrekoan neronek egin nuen, elkarren segidan ipiniz zure kalkuluak, Diario Vascorenak eta Pellorenak. Gero ikusi denez, Pellok arrazoi orduan.

    Oraingoan nola daude apostuak? Egia esan, Diario Vascon ez dut oraingo tenporen aipamenik ikusi.

    Tomax.

     
  • At 13:01, Blogger Kepa Diegez said…

    Aupa, Tomax!
    Lehengoan "tenpora klasikoak" (asteazkena-ostirala-larunbata) hartu nituen kontuan eta Pellok aste osoa. Ez da zalantzarik horrela eginda askoz ere iragarpen osatuagoa egin daitekeela. Nik neuk, oraingoan, apal-apal, maisuaren esanei jarraiki, Pellorenak neure egiten ditut, badaezpada. Asko ikasi behar dut oraindik.

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------