Aro lodia


Ekainaren 15az geroztik aroak beste norabide bat hartu bide du. Izan ere, lehenengo hamabostaldian jasandako beroteak badirudi oraingoz utzi gaituela. Harrezkero, ekaitzak eta eguraldi goibel samarra izan dira nagusitxo, bestelako tarteak egon badira ere. Aspaldi honetan, batik bat, aroa lodi dago, lainotsu eta hodeitsu, alegia. Horrelako esapidea erabiltzen omen da Hondarribia aldean -Mokoroaren arabera- zerua hodeiz beterik dagoela aditzera emateko: "Eguraldia lodi zegon egun oketan; meetu du". Eta "mehetu" hori? Ezin interesgarriagoa, zerua garbitu edo oskarbitu duela agertzeko. Zenbat bider ez ote digute galdetu nola esaten den "despejar" euskaraz? Hamaikatxotan. Eguneroko bizitzako lodi(tu) / mehe(tu) bikotea ere islatzen da etno-meteorologian. Adibidez, "euria edo elurra lodi da edota lodi ari du", euria barra-barra edo elurra mara-mara ari duela adierazteko erabiltzen da. Hodeiak sare-sare egonez gero, loditu ere egiten dira. Eta, jakina, behe-lainoa sarri-sarria denean ere, lodia izan daiteke. Nik adiera horien hutsunea sumatzen dut gure hiztegietan. Bestalde mehe(tu) ere erruz erabiltzen da arlo honetan. Adibidez, haizea mehea izan daiteke, leuna edo adierazteko; Elur mehe ari du ere erabiltzen da, lodi egiten ez duenerako; euria mehea ere izan daiteke, zirimiriaren modukoari irizteko; alor berean euriak hanka mehea izan dezake, "euri ankame", hau da, euri xehea. Beraz, behinolako "Lodia eta Mehea" (El Gordo y El Flaco) aro kontuetan ere erabilgarriak dira oso.

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Aupa, Kepa! Sanpedrotako zorionak trukean!
Arrazoi osoa eta garbia duk lodi-mehe berba pare egoki bezain atseginak diren hauekin. Asko erabiltzen dira eta ziren gure etxean bertan ere: esanahi zabal eta sakonekoak direlako, eta kontu askoren jiran primeran koadratzen direlako.
Orotarikoan begira ibili naz: Nemesio Etxanizek gustuko zuen eta pare bat aldiz, 'euskal-giroa loditzeko' eta antzerakoak esaten ditu. 'Isiltasuna loditu' ere bada nonbait erabilia. Errekak loditu, elurra loditu eta enparauak usu erabili ohi ziren eta dira. Mehe hitzak, berriz, artean ere joku gehiago ematen du euri edo elur kopuruarekin. Berba pare 'aldaretako bidean' ipini beharrekoa dela deritzot, eta geure solasaldien mamia gatzatzeko eta loditzeko aproposa.
pellozabala

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda