Laino-dorreak
Aurreikusita zegoenez, atzo arrastirian, bero larriaren eta Kantabria aldetik etorri zitzaigun hodeitzaren ondorioz, galanki jo zuen inusturia. Bilbo aldean, behintzat, burmuina urtzeko besteko beroa egon zen arratsaldean, 30 ºC-etik hurbiltxo. Nik neuk Kapildu mendian ipinitako radarri esker jarraitu ahal izan nuen ekaitzaren norabidea mendebaldetik ekialderantz. Ikusgarri ederra izan zen nondik-norakoaz jabetzea! Webgunea ez da beti ondo ibiltzen, baina... tira, tresna lagungarria da horrelakoak atzematekotan. Lehengoan komentatzen genuenez, gaur ostirala izanda, ekaitzak eratzeko joera areagotuko bide da. Dakizuenez, kumulonimboak, ekaitz hodeiak, ikaragarrizkoak izaten dira, goitik beherakoak, ingude eitekoak 12 km luze izan daitezkeenak. Hori dela-eta, euskaldunaren adimenak forma hori itxuratu nahian, irudi ugaritara jo du. Beraietariko bat izanburuan duzuena da, laino-dorrea. Izan ere, horretariko lainoak dorretzarrak adinakoak izan ohi dira. Niri neuri "Eraztun-Jauna" liburu edo filmaren Minas Tirith hiriko harresiak ekartzen dizkidate gogora. Dorre garaitezinak, alajainkoa! Izendapen horretaz gain, badira beste zenbaitzuk Euskal Herriko zoko-mokoetan, zein baino zein ederrago!
goibelarri : Zabaldu dira mundu guztiti / gibelarritzar zatarrak, / eta gitxitu zoritxarrean / gizon artezen batzarrak. E. M. Azkue. Egiaren ispillua.
juztulodai, juztulodei : B- Mundaka, Otxandio. Azkue. Hiztegia.
laiño-torre : B-Arratia, Markina, Ondarroa/ G- Oñati. "Laiño-torreak". Azkue. Hiztegia.
ortots-goibel : Badire ortots-goibelak, ortostuko du. M. Izeta. Baztango Hiztegia.
ortzi : Anhitzetan bero handien ondotik ortziak eta zenbeit lekhutan harria. Eskualdun labor. Egunaria, 1897, 20 or.
trugoi laño : B-Bakio. Iñaki Gaminde. Bakio Berbarik Berba.
trumoburu : Trumoburu zuriskak, odeitxu biribil eta luzanga kiriñauak agiri ziran ortzean. E. Erkiaga.. Arranegi, 23 or.
trumoi laño : G-Beasain.
trumoi-adar : G-Andoain. Azkue Hiztegia.
trumon-adar : B-Markina / G-Aia, Orio. Azkue. Hiztegia.
Iruzkinak
pellozabala