EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/05/04

Ipar haizeak galgaturiko udaberria

http://ressources.ecole.free.fr/outils/autres/printemps.gif

Martxotik apirilera, zozomikoteen arrastoan, hegoaren pulunpa gozoan sartu ginen, 24-25º gradutan, “aurten zozomikoteak kale” esanez. Apiriletik maiatzera, aldiz, iparretik hegora pasa gara: iparra izan baita, apirileko lehen 3 egunak kenduta, hemen mandamas ibili dena. Klimatologia dugunez datoak bildu eta txukun gordetzen saiatzen dena, errepaso ttiki bat eman nahi diot mendiko datuetatik begiratuta.

Udaberria aspaldi abiatu zen: martxoaren 20an, arratsaldeko 8 eta erdiak inguru. Eta udaberri izango da ekainaren 21eko eguerdi pasatxo arte. Baina martxoan martxa onean abiatu bazen ere, apirilean gora hasi orduko, iparraren aize xorrotxa nagusitu bazen nagusitu, ez zion txandarik eman hego usainari, ezta minututxo pare baterako ere, harik eta maiatza iritsi arte.

Hegoa nagusi denean, kosta aldea eta ibarretako zokoak bero ustelantzekoz penatzen dituen bezala, iparra nagusi edo disimuluan dabilenean, mendi alde goikoa izaten da gehien kizkurtzen dena. Hegoarekiko 20º graduko tenperaturik ez da izan inguruotan: elur bisita bai 900 metrotara hilaren 9an. Hurrengo goizean intzigarra ere bai. 9 goizetan 2-3º gradutaraino jaitsi da tenperatura, potoloetan izotz xuri 4 egunetan. Horrek esplika dezake nola zuhaitzak 3 astez egon zaizkigun, hostoak xabaltzen hasi eta ezinean, hosto kixkur, harik eta aste honetako hegoaren bafadak harro-harro hosto zapal utzi dituen arte. Artean ere, haritza eta akazia negu mintzetan dauzkagu goi aldeotan. Lizarrak berak, eta azkarrak, azkarrak izanik, 24 egun ere behar izan dituzte erabat zabaltzeko.

Euriz, aldiz, ez da izan aberatsa. Iparra mantendu baita temati, oso gutxitan iparmendebal emankorra. 3 arrats ekaitz danbardunak. 16 egun ixuridunak, baina 5 bakarrik zaparrada tamainakoz: gainerako 11 egunetan, lanbroa gehien eta xirimiri apurren bat. Ipar lainoa bai, mendiotan lapatuta, 6 egunetan, lanbro hotzez bazterrak umeltzen.

Arantzazuko talaitik bildutako datuen kontuak dira hauek. Udaberri pozik abiatua, kukua lagun ia egunero, ipar xorrotxaren galgatan frenatuta eduki du apirilak. Hori bai, ez da apenas gaiztotu eguraldia: bi aste luzez elorri beltza egon da inguruak inoiz ez bezala apaintzen, xuri lumetan. Orain txanda hartu nahi dio elorri zuriak, tximeleta xurien inbiritan...

Baina, elorriaren xuria xuri, bestelakoak dira hego zarpail honen zurikeriak: zenbat gerrikomin, zenbat belaun minzor, lepoko hezur kraska, eta batez ere, zenbat edadeko burua saltatu samar dutenak, hego bafada hauekin erabat nahasturik eta galduta! Eskerrak oraindik disimulatzeko abildadea daukagunari...!

Pello Zabala

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------