EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/05/03

II. "Herriaroa": Aramaio

“http://www.aramaio.org/Herria/Aereoa.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Herriko haizea lagun, aro aurre-udatsu honetan gabiltzalarik, behinola "Herriaroa" izendatu genuen sailari berriz ekingo diogu. Aminmi-aminika, osasuna eta gogo lagun, A-tik Z-ra Euskal Herriko zenbait herriren "hiztegiaroa" sareratuko dugu. Orduko hartan Zuberoako Altzürükü (Biba ziek!) herrian izan genuen hizpide eta oraingo honetan A letrari jarraiki, Araba aldeko Aramaio (Aramaixo) herri ezin xarmangarriagoa egingo dugu bidaia. Datu-basean dauzkadan zenbait berba blogeratuko ditut buru-belarri ikas ditzazuen (Kontuz, gutxien pentsatzen duzuenean azterketa ipiniko dizuet!). Ea Aramaio aldekook animatu eta osatzen duzuen zerrendatxoa!


OHARRA: Irakurleren batek bere herriko hitz sortaren bat argitaratzea nahi badu, adieraz dezala hemen eta hurrengo batean saiatuko naiz zerrendatzen.

AMILLEN: mendebaldeko haizea
ANTXIER: eguzki haizea
ATERTUALDI: aterrunea
AXPE: haize babesa
BOST ARKU: ostadarra
EDUR LAPRASTARA: elurroldea, elur-jausia
EGOI: hego haizea
ERROMAKO BIDE: esne-bidea
EURI DIRAUTSO: euria ari du
EURIANTZ: euri xehea
EURIEDUR: elur bustia
GARRANGA: izotz-burruntzia
IRESTU: oinaztua, tximistargia
NAPAR: ipar haizea
NAPARREGOI: Hego Haizea
OSTARGI: aterrune
URKIOLAXE: ipar haizea


6 Comments:

  • At 08:28, Anonymous Anonimoa said…

    Benetan atsegina da, aberasgarria, tokian tokiko izendegi meteorologikoa biltzea eta aztertzea. Asko dira Oñati-Araotz inguruko hainbat izen batu zituenean gure aita Kandido Eizagirrek, harrituta ezn sinetsirik azaldu zirenak. Kepak badaki ongi, topatu dituen altxor polit ederrak zeinen bitxiak diren!
    Batez ere argigarria egiten da, toki eta bailara bakoitzak bere inguruneko mendien izenekin nola adierazten dituen haizeen etorrerak, haizebegiren bat tartean dela. Aramaioko horietan argi ikusten da bi ipar aldebanatako ageri direla: Urkiolaxea, Aramaio kokatuta dagoen moduan, ipar-mendebala behar du izan; nola ulertu bestela, beste alderdian, Bizkaiaren kontrako puntan dagoen Nafarroako "napar" hori ipar haizeari deitzeko. Jakina, beste tokietan 'frantziparra' deitzen diogun ekialdeko haize gorria da ipar hori, eta horren ondoan gertu daukagu beste "naparregoia", hego ekialdeko haize gozoagoa, edo beste parajeotan 'naparra' soilik deitzen diogun ekialdeko haize ahul fijoa.
    Bai, izango dira tokian tokiko haize urratu eta haize bulkadak, baina, nola maneiatu izan garen haize kontuak aise adierazten.
    Segi, Kepa, horrelako bitxiak ekartzen, izendegia aberastuz...
    pellozabala

     
  • At 10:13, Blogger Erramun Gerrikagoitia said…

    Listako batean diozu

    BOST ARKU: ostadarra

    eta nik nahi du soil kommentarioa egin ze hori "bost arku" hori izan behar duela ostarku edo ost arku edo berdin dena ortzeko arkua eta hori holan da seguruenez ze jendeak -oraiko hontan Aramaiokoak- galdu zuen ulermena hon ortz edo ostarku hitza eta egin zuen korrimentu bat rantz zeozer egiten zitzaiona ulergarri, bost (zeren ost ez zuen jada ulertzen) eta hartu zuen orduan "nolabaiteko" signifikatua zeukana, hau da, "bost arku" nahiz ez izan logikarik ezer.

    Hori da nire ustea, ezen egon zela korrimentu bat egokituz ulertzen ahal zen zeozeri.

     
  • At 14:40, Anonymous Anonimoa said…

    Aupa Erramun!
    Bat nator zuregaz. Irakurri orduko pasa zen nire burutik zuk ezin hobeto esplikatu duzuna ("bost hori ost izanen duk, ziurrenik!"). Eta bere horretan utzi nion nire arreta axalekoari, nire konpetentziako haizeon arrastoak eraman ninduelako atzetik segika. Baina, polita da herria zein argia den, zehaztasun faltatxoak barkatuz, eskura edo aurpegian aurrean duenari deitzeko orduan. Jarrai dezala Kepak, horrelaxe, herri eta bailaretako izendegi kurios horiek azaltzen... guk erantsiko dizkiogu iruzkinak, ezta?
    pellozabala

     
  • At 15:21, Blogger Kepa Diegez said…

    Aupa, bikote!
    Bada, bai, sarritan gertatzen ohi da fenomeno hori. Bizilagunek berba baten kontzientzia galtzen dutenenan, fonetika aldetik ezezagunera jotzen ohi dute, hau da, analagiaz izaten dira aldaketak. Oraindik "ostarku" hitza bizi-bizirik dago hainbat herritan, beraz, Erramun, zuzen zaude. Belaunaldiz belaunaldi izaten dira kanbioak eta batzuetan biak elkarrekin bizi dira, zaharrek "ostarku" eta gazteek "bostarku", alegia.

     
  • At 18:17, Blogger Erramun Gerrikagoitia said…

    Bai, Kepa, egia diozu esanik biak erabiltzen dira edo erabili ahal dira leku eta aldi berean (ostarku eta bostarku) ze esaterako Munitibarren esaten da arkoirisa baina jakin dut batzuk esan eroiela ostarkua. Akaso oraino batzuk esan daroe ostarku baina nik uste dut ezetz, ziur ez dakit. Dakidana da ze askotan ez dugula ezagutzen ondo ezta geure inguruko euskarea, ze egon ere hain dago desprestigiatua batzutan herriko eta herritarren mintzoa.

     
  • At 12:47, Blogger Kepa Diegez said…

    A, Pello, ahaztuta nengoean! Bai zuzen hago haizeen kontua dela-eta. Aramaio ibarra non dagoen kokatuta ikusita, Urkiola aldetik etortzen den haizea, gutxi gorabehera, ipar-mendebala izango duk eta Napar hori, ziur asko, ipar-ekialdekoa. Badakik, inkestak egiten direnean, batzuetan txarto interpretatzen dituk erantzunak edo lekukoek ez ditiztek ondo ulertzen galderak. Hala ere, erantzunak erantzun, baliagarriak ohi dituk.
    Bestalde, oso polita eta interesgarria GARAko artikulua. Egia duk, nolabaiteko "balaztada" izan dik udaberriak. Aroak erotzen gaitik!!
    Bihar paratuko diat berton. Segi bizkor!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------