Hostaila abian eta lorerik ederrena maiatzeko antxoa

“http://www.yfolire.net/img/sais/anim/anchois.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Bai hotzak izan direla Euskal Herriko barrualdeko zenbait herritako tenperaturik beherenak! Atzo. hain zuzen ere, hostaila hastearekin batera Arabako herri batzuetan zero azpitik egon ez ziren, bada! Eta itsasertzean, hortxe-hortxe. Hala eta guztiz ere, Baionako haizea bazebilen ere, eguerdi aldean epeldu eta eguzkitan goxo-goxo egoten zen.

Duela urtebete maiatza izendatzeko berben berri eman genuen. Horri buruzko informazio gehiago nahi duenak jo beza bertara. Dena dela, hosto, orri eta enparauekin zerikusia duten izendapenak dira nagusi hilabete loretsu honetan. Ezagunena eta Euskara Batuan erabiltzen den maiatz-ek ukaezineko jatorri erromanikoa dauka. Izan ere, maiatza Maiaren hilabetea da, erromatarren emankortasun eta landareen jainkosa. Gainerako hiru izenek ere ba bide daukate landareekin zer ikusirik: hostaro, hostoil eta lorail. Beraz, jasotako izendapen guztiak kontzeptu beraren inguruan ardaztuta daude: landareak, loreak, hostoak… Azken honek, bi elkarketa mota sortarazten ditu, hostaro eta hostail. Atsotitzetan ere uzta oso emankorra. Hona hemen atsotitz "loretsu" batzuk:

  1. Apirileko loria, urria baino hobia; maiatzeko loria, batez baino hobia.
  2. Lorarik ederrena, Maiatzeko antxobia.
  3. Maiatz lore, lore ta lore.
  4. Maiatza, loraille.
  5. Maiatzeko lorea, udako florea.
  6. Maiatzeko lorea, urrea baino hobea.
  7. Maiatzeko sagar lorea, utsa baño obea.
  8. Martiko lorea, bape ez balego hobea; aprileko lorea, urea baino hobea; maiatzeko lorea, bapeza baino hobea
  9. Meietzien elorriye loria, artue lurrien.

Zalantzarik gabe, loretsuena Bizkaiko kostaldean erabiltzen den perlatxoa: lorarik ederrena, maiatzeko antxobia. Antxoa lorea baino gehiago lokamuts eta sastraka bihurtu zaigu azken urteotan.


Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Antxo-illa, edo antxo-billa, bietako edozein ere polita da, ezta? Maia jainkosaren eraginik izan genuela gurean, hala uste dut, maiatz-lehenarekin (maialenarekin) loturik utzi dizkiguten esaera zahar hainbat kontuan hartuaz gero: maiatz-leheneko esne inguruan dauden erranairu sorta, nahiz esnea ta koipea edateko ohitura zaharrak, badirudike antzinako maia-lehen kontuak diratekela... Erromatarrek, edozeinetara ere, maius eta junius ipini omen zituzten bi hilabete hauentzat (Marteren martius lehenena, eta aprilis -zabaltzailea- bigarrena), eta edadekoenena edo helduena (maius) eta gazteen hila (junius), eta gero quintilis, sextilis, september, october, november ta december, harik eta Julis eta Augustus militarrak etorri ziren arte. Guk, Tomaxen baimenaz, antxoilla edo antxobilla onar genezake, lorarik ederrena izango litzateke mahai gureetan...
pellozabala
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Kaixo, Pello!
Aurrerantzean, "antxoilla" izan beharrean (biziki ona!)agian, "boka(r)tilla" edo.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Maiatz honetan antxoa jan duzula esan eta apirileko arraina dirudi. Hau da, inoxentekeria.

Hala ere, zortea izan dugu etxean antxoil hasiera honetan. Kaletik nindoala arrain-saltzaileak ikusi nau kalean eta: "Aizu, bertako antxoa nahi baduzu, gaur badaukazu". Adiskidetasun zeinu bat izan da hori bere aldetik, zeren eta neu naiz lekuko zenbat bezero joan zaion aurreko egunetan antxoa eske eta batere ez. Libra bat erosi diot. Kiloa, 14 eurotan. 14 erotan esan behar nuen. Antxoila? Gure antxoa hila da!

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Antxoila antsietatez bizi naizen honek ondinogarren ez dut antxoa ale bat bera ere jan. Zorioneko, zu, Tomax!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda