Behor haizea eta Boreas


Atzoko kontua dela-eta, -behor haizea- jakinguraren arrak kinaturik, bazterrak nahasten hasi nintzen atzo arratsaldean eta mitologia grekoari loturiko istorio polita aurkitu nuen. Nork bere ondorioak atera ditzala:

Grekoen mitologian, Boreas Ipar aldeko haize hotzaren jainko nagusia zen. Berak negua ekarri ohi zuen. Boreas sendo eta indartsua zen, baina, suminkor eta odolgaiztoa. Sarritan gizon zahar bizardun eta sapazto gisa irudikatzen zuten, hegalez ere baliatzen zena. Itsas kurkuilua eraman ohi zuen aldean eta hodeiz osaturiko tunika bakar bat janzten zuen. Oinak eduki beharrean, sugeak omen zeuzkan, artearen eremuan giza oinak koturnoz jantzita irudikatzen bazizkioten ere. Gainerako haize-jainkoen antzera (Zefiro, Euro eta Noto)) Astreo eta Eosen semea zen. Boreas estu-estuki ZALDIEI uztarturik zegoen. Hazitarako zaldiaren itxura bereganatu ondoren hamabi moxal sortarazi omen zituen Dardanoen Erictonio erregearen BEHORREKIN. Moxal horiek euren aita bezain azkarrak omen ziren, izan ere, elezaharren arabera galsoro batetik zehar garia bera zapaldu gabe lasterka egiteko gauza ziren. Pliniok uste zuen BEHORREK zaldikumeak sor zitzaketela atzealdea Ipar Haizeari begira ipinita eta hazitarako zaldirik gabe.


Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Zuberoako Urdiñarbeko artzainek hain sakon ezagutzen ote dute mitologia klasikoa? Ala "behor-haizea" Junes Cazenavek edo Jean-Louis Davantek asmatu dute?

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Auskalo. Datu hori Euskaltzaindiak Hizkuntz Atlaserako egindako inkestatik aterata dago. Ea ikertzen dudan nor izan ote zen lekukoa edo informatzailea. Nolanahi ere, euskal kultura ezin pentsatuzko orotariko lotura eta uztardurak dauzka munduko kulturekin. Bakartze eta isolamendu kontuak mito hutsa ematen du.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Aupa!
Behor-haizearena polita duk. Eta kontu mitologiko horien usainik bazezakek. Auskalo nork txertatua geurera, Tomas, ez duk samurra hori jakiten. Orain, zaldia behor usainetan dabileneko puntuan irrintzika, ezpainak apartatu eta hortz handi zuriak erakutsiz, burua tente, benetan dotorea duk, iparrera nahiz ekialdera begira..
Halere, niri atentzioa eraman zidana 'kukuixardia'rena izan duk. Politagorik! Gure jende hauek izan dutela gauza bitxi eta polit dotoreak asmatzeko talentua gero! Eurizirin xirimiriazko horrekin zenbat izen, zein baino zein, Julian Alustizak bere aitonari entzunda gogoan gorde zuen hura bera: "lanbroa, euri ttikia? trikuaren azazkalak bustitzeko lain ere ez!"... 'Kukuizerdia' asmatu zuenak ere, seguru bertsotan zekiela! "Kukua baino alperragoa!" esan izan huen beti: umea bestek hazten ziolako. 'Kukusemea', "kukuanekoa", berriz, baserri sendi luze, seme-alaba asko iladako haien garaian, seme bakar bakarra zenari. Kukuak irudi asko eta anitzak eman baititu. Kukuka ibiltzea ere hor zagok: lanean kuku, edo etxean eta kalean kukuka, eta beste antzerakoak. Hortaz, euri ttiki xehe noiztanka bai eta ezer gutxi denari, 'kukuixerdia'rekin erkatzea, mundiala zirudiak. Gainera, ezer gutxi izerdiz bustitzen denik bada, hegaztia duk, hegan doala haizeak berak lehortzen duelako ere. Txori alperrenari, hegazti lehor kukukakoari, izerditzen hasita ere, gutxi izerditu dela eta, lanbroa izerdi horrekin konparatzea! Bejondeiola asmatu zuenari, bai orratio!
pellozabala
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Aupa, Pello!
Eskerrik asko hire interpretazoagatik! Nik egindakoa oso festiboa zuan... punkiak, gandorrak... Ez zagok zalantzarik kukuizerdia elkarketa ezin adierazgarroa dela. A zelako irudimena eduki duen euskal gizakiak!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda