EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/04/04

"Twister"aldia hasia da AEBetan

“http://www.aerofiles.com/twister.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Blog honetan lantzean behin Euskal Herriko aroari ez ezik, mundukoari ere erreparatzeak ez digu inongo kalterik egin behar. Hori dela-eta, atzo irakurri eta ikusi nituen berrien aitzakian Estatu Batuetan gehienbat sortzen diren haize-zurrunbilo ikaragarri edo "twister"-ek hizpidea ekarri didate gaurkoan. Betidanik zirrara berezia sortarazi didate horrelakoak. Nolabait, izaki bizidunak edo direlako irudipena dut. Aldi berean, lazgarriak eta zoragarriak begitantzen zaizkit. Bitasunak narabil alde guztietatik, miresmena eta izuikara, zein baino zein. Gure Herrian itsas aldekoak aski ezagunak izaten dira; iaztik hona behin baino gehiagotan ikusi izan ditugu hedabideetan, baina lehorrekoak ez dira arruntak izaten. Horrelakoa ikusgaitza izaten da, baina, ikusgai bihur daiteke bere baitan biltzen dituen hondar eta hondakinei esker. AEBetako twisterraldia martxotik abuztura artekoa izaten da eta arristirietan gertatzen dira gehienetan. Atzo ikusi genuenez, suntsigarriak izan dira oso bertan erasan dietenak, hildako ugari izan dira. Txarragoa baino txarragoa izan arren, hor duzue "Twister" deritzon filma horrelakoez jabetzeko. Euskaraz izendapen artean gehienbat zirimolari buruzkoak izaten dira, hau da, sorgin haizea edo, baina miatu eta miatu jardun ondoren Bizkaiko Etxebarri herrian erabiltzen duten izen elkarketaren berri eman nahi dizuet: zurrupuaxe. Ematen dit zurrupu haize dela, hortaz, bete-betean adierazten du horrelako zurrunbiloen izaera. Izan ere, ahal duten guztia zurrupatzen dute, autoak, behiak, etxeak...

6 Comments:

  • At 18:04, Anonymous Anonimoa said…

    'Twist' hori aspaldiko dantza ere izan zen, ezta? Puri-purian egon zen sasoi batean: sasoia areago genuenean. Zurrupuaixe hori oso da polita: nik uste fenomeno hauen kontua itsasaldeko eta mariñelei utzi behar zaiela. 'Traganarrua' nahiz 'tragarroia' neukan nik gogoan, horretaz inoz jardun behar izan dudanean, eta dakot, Zumaia aldetik edo kosta alderen batetik jasoa nuela. Orotarikoan, dena den, argi ageri da: traganarru, tragonarru, trabañarro, tragarroi...
    Gaur sartu zaigun behelaino busti ttontto hau kenduko liguken tragarroia nahiz zurrupuaixe indartsu bat nahiko neuke, baina ez gertuan. Karibe aldeko misiolariei entzunda dakit, izugarri izugarria dela honelako bat gertura pasatzen sentitzea: zuhaitz lerdena, gerri sendo eta trunko trinkokoa, gerri-gerritik, lurretik bi metrora, hartu-kiribildu-bihurritu eta sakakortxoak egiten duen bezala, zuhaitza brraauusst!!! enbor zarpaila utziz... Horiek dituk naturaren indar ikusgarriak! Eskerrak gurean ez diren ohikoak, baizik oso bakanak: halere, beldur nauk gero eta sarriago ez ote zaizkigun urreratzen ari...
    pellozabala

     
  • At 10:07, Blogger Kepa Diegez said…

    Tira, deskuidatuz gero, beharbada, inoiz, horrelakorik suertatuko zaigu. Ez ahal da izango!

     
  • At 11:18, Anonymous Anonimoa said…

    Karibe aldean emakumeen izenak ipintzen dizkiete hango tranagarruei. Andraizeak bailiran.

    Hemengo zurrupu-haizeek epaile izenak dituzte: Garzon, Del Olmo, Marlaska...

    Tomax.

     
  • At 11:23, Anonymous Anonimoa said…

    Guk twister berexiak ditugu, Tomaxek dioenez, eta dirua franko badaramate hemengo itxasotik (mar) zurrupa, hango askara (mar ta aska, hara!)... Baina, AEBetan sortu eta hain indartsu dabiltzan horiek dagoeneko egin dituzte azio ederrak: igandean abiatu eta gero, hiru egunetarako 23 hildako (Tenessen 15) eta triskantza beldurgarriak hainbat lekutan.
    Hemen, aldiz, udaberri xuabe baketsua, ilunantxa bedere, oraingoz daukaguna. Halere, pentsatzekoa da inguruko xori ta abeslari prestu hauek nahikoa lan badutela euren 'territorio' ta 'gune' partikularra zaintzen. Zozoak oso sinpatikoak ditugu xoko hauetan: gustatzen zaie zure txistuari erantzutea. Egiten ditut nik saio batzuk hemen ingurukoekin, eta artistak dira, joera nabarmena dute ikasteko eta zeozeren alderanzketa sartzeko. Eskola ipini ez ipini nago... Tomax, lagunduko al diak? Baina, bitxiena, atzo goizekoa: baserrira meza ematera nindoala, hor bistatzen dut zozoa, petril gainean tente, kantuan... aibala! baina zer dauka horrek, burua tindatuta, edo...? Zuri ikusten nion aurpegi-buru inguru hori. Alderatu ahala, hor ikusten diot, larrua bixtan, luma mordoxka belarri inguruan kenduta... auskalo! Pentsatu nuen borrokaren bat izana zuela.
    Edozeinetara ere, artista da xoxoa! Nonbait kantuan eta dagoela, zuk egindako mugidaren bat gustatu ez bazaio, edo ustekabean bat gertuan azaldu bazaio, ki-ki-ki-ki-ki-ka aldegiten du, izkutatzen saiatzen da, eta ki-ki-ki-kako hori, beste bi bider errepikatzen du, baina, askoz xuabego eta urrunago bailitzan. Ikusita nago zozoa 4-5 metrotara sasian izkutatu eta hantxe bere ihesaldiko kantua hiru bider, gero eta xuabego errepikatzen, urrun urrutiko batean bailitzan... Kalean ez dago horrenbesteko tranparik. Horiek dira aziendak, horiek!
    pellozabala

     
  • At 13:33, Anonymous Anonimoa said…

    Ihesa segurtatzeko taktika hori bai dela gerrilla estratagema. Ohartu gabe nengoen. Aldiz, batzuetan iruditu zait txistu-doinu bataren eta bestearen artean, "ji-ji-ji" edo "ke-ke-ke" egiten zidala zozoren batek. "Izorrai" esan nahian ari balitzait bezala edo.

    Lhanderen hiztegian honela frantseseratzen du "zozo" hitza, besteren artean: "1) Merle. 2) Niais, stupide, sot, imbécile". Txistulari hegodun hauek ez dira, bada, hain zozo...

    Tomax.

     
  • At 15:02, Blogger Patxi said…

    Aupa Kepa!

    Zurekin akordatu nintzen bideo baten ideia burura etorri zitzaidanean, eta loturatxo bat ipini dizut, nere gaurko mezuan.

    Ondo izan!

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------