Zozomikoteak 2006

“http://www.csdm.qc.ca/stejarc/dictionnaire/imagesdicolm/merle.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Orain dela urtebete, hain zuzen ere, gai bera ekarri genuen blog honetara: zozomikoteak. Bertan idatzi eta izandako komentarioekin, azkenean material polita osatu genuen, batetik Tomaxen aipuak, bestetik, ikertu ahala eskuraturiko testuak... Gaur Pello Zabalak GARA egunkariko azken orrialdean ere artikuluxka polita dakar horri buruz. Nik neuk, tesirako bildutakoaren laburpentxoa eskaintzen dizuet:

Edukiari dagokionez zenbait adierazpen badugu: Barandiaranek jasotako elezahar eta EHHAn bildutako adierazpen arabera, martxoaren azken bi egun eta erdiak eta apirilaren lehenengo bi egun eta erdiak dira, oso euritsuak izaten diren : Artzaiak esan zuen harrokeriaz: «Martxo, Martxo diat esker gaizto, nere bildotsik eskaxenak hamar oiñian salto». Martxoak orduan: «Apirilla biribilla, hik emaizkidak bi egun da erdi, nik emango dizkiat beste bi t'erdi; atera daiogun begia artzai gaizto honi». Orduan egualdi txarra hasi zen, trumoia, tximista eta elurra. Dena zuritu eta janik ez. Mendian ardiak galdu danak, janik ezak eta. Orduan artzaiak bizkarrean aharia hartu eta etxera zetorrela ahariak adarrakin jo eta begia atera.
Beste iturri batzuek - Diccionario de Etnografía vasca- urte barruan egongo den eguraldia asmatzeko Zotal egunekin lotzen dute. (Orixe) idazleak Euskaldunak poema sortan honela dio ohartxo batean: Zozo mikote, zozo-bikote: zozoak bikoka kabi-egiten asten diran garaia. Martxoaren azkeneko bi eta Apirilaren leneko bi egunak, Martxoak esan-omen Apirilari: Apiril, biribil, ekatzik egun bi. Ta Apirilak: Martxo Martxo: ematen diat esker gaizto. Nire ardirik aulenak egiten dik zazpi oin salto. Lenagoko urte batez eman egin omen-zizkion, eta artaldea erreka ezin pasaz ito. Egia da zozoa gehienbat martxoaren amaieran eta apirilaren hasieran hasten dela habiak egiten. Edozein txorizalek egiazta dezake.
Pello Zabalak Naturaren Mintzoa deritzon liburuan honako hau dio: "Harrituta utzi nau: Zozomikote kontu hau, nik geurea- geurea zela uste nuen, eta halaxe pentsatuko nuen gerora ere. Baina, ez, aizue! Badu tradiziorik hemendik kanpora ere: Dijo marzo al pastor: con tres días que me quedan y tres que me preste mi hermano abril, he de poner tus ovejas a parir. Horrelaxe topatu dut Madrilgo INM, hots, Meteorologia Institutu Nazionalak urtero prestatzen duen Almanaka batean. Sobrante ere izanen ditu, zeren, bereak hiru eta apirilaren beste hiru nahi dituzte Gaztela aldetik”.
Frantzian ere antzeko istorio bat bada. Malicorne musika taldeak bere disko bateko liburuxkan aipatzen zuen. Hartan martxoko azken hiru egunak eta apirilaren lehen hiruak ziren protagonista, eta agertzen zen animalia txoria zen: "...Eta txoriaren arrautzak habian jelatuko ditut" zen martxoak apirilari hiru egun eskatzen zizkionean esaten zuena.
J. P. Chassanyren “Dictionnaire de Meteorologie Populaire” izeneko liburuan honako hau guztia aurkitu dugu:
Frantziako bas Vivarais eskualdean (Lozére departamendua) martxoaren 28tik aipirilaren 3rako tartea eguraldi kaxkarra da nagusi le période du 28 Mars au 3 Avril est marquée par des maléfices du temps. Bertako oc hizkuntzan honako legenda hau dela-eta Los vacheïrious (behizainak) izendatzen: martxoaren 27 batean eguraldia ederra zen eta atso batek bere behi-taldearentzat zuen bazka guztia agortua zuela-eta, behiak sortu berria zen belardira atera ahal izatea pentsatzen zuen. Hilzorian zegoen hilabeteari (martxoa) iseka eginez erronka bota omen zion:

« Mar enné tas eïmolistchados

Obriéou enné tos obrivados

Eï soouve moun agnélado ».

(Martxoa, hire eguraldi gaiztoa gorabehera, Apirila, hire « avrilados » gorabehera, neure jaio berria salbatu diat)

Martxoak adar jota apirilari ezan zion :

« Presto m’en très

Que ièou n’eï quatrè

Lo paouro vieillo

Foren battré ».

(« Utzizkidazu hiru ze lau besterik ez daukat. Atso gizagaixoa, akabatu egingo dugu» )

28an goizean eguraldi txakurra izan zen ; atsoak ezin izan zuen txahal jaio berria atera, bazkarik gabe hil zena.

Auvergnen, martxoaren 27 batean, artzaintsa gazte batek oihu egin zuen pozarren eguzkia ederra ikustean egun txar batzuk pasaturik.

« Martxoa eta beraren segitaldea, haizea, euria eta elurra, gorabehera neure ahuntz eta

antxume guztiak dauzkat. Martxoak erantzun zion: “Zu azkarregi pozten zara oraindik

bizitzeko hiru egun baitauzkat! Neure apiril lagunari hiru egun eskatuko dizkiot eta zure

behi-talde guztia hilgo da »

Martxoak eutsi zion hitzari.

Kortsikako herri-ipuin batek martxoari adarra jotzen zion artzaina azaltzen du ; mendekua hartzekotan, apirilari esan zion :

« O Apri tu me fratedu

Impresta tre di li to di,

Par puni lu pasturedu

Ci ni vodu fa pinti ».

(Oi apirila, ene anaia, hire egunetatik utzizkidak hiru artzain txikia zigortzek,

damu dakion nahi diat eta)

Vosgos eskualdean, maitagarri gaizto batek besterik ez zeukan nartxoaren azken hiru egunen gaineko botererik. Epe hori bere nahia asetzeko nahikoa ez zenez, apirilari hiru egun eskatu zizkion. Berau ez zen uko egitera ausartu. Orduan berak eskuak igurtziz esan zuen :

« Avec les 3 que j’ai, et 3 que me prête Avril, je gèlerai la mère (ou le merle) sur son nid ».

(« Neure hiru egunekin eta apirilak uzten dizkidan hiruekin, ama (edo ZOZOA) izoztuko dut haren habian » )

Eta hementxe dago ZOZMIKOTEekiko lotura. Izan ere « merle » frantsesez ZOZOA da.

Urdiainen Ordizegunak erabiltzen omen da; badakigu martxoaren 30ean “Artzain-eguna” ospatzen dela, hortaz, artzainen eta Zozomikoteen arteko lotura begibistakoa da. Interneteko gaztelaniazko atsotitz-webgune batean antzekoa aurkitu dudu: Le dijo Marzo al pastor: Con tres días que me quedan y otros tres que me preste Abril, te veré otra vez con pieles y los carneros en el cuadril. Beraz, edukia garbi samar badago ere, hau da, martxoaren azken egunak eta apirilaren lehenengoak, erdipurdikoak eguraldiaren aldetik, adierazlearen aldetik zalantzak dira, izan ere, Orixeren azalpena bitxi samarra da. Bestalde, Pello Zabalaren harridura ulergarria da, sarritan uste izaten da gure kulturaren gertakizun asko geure-geureak direla eta beste kultura batzuetan badirela ohartzen garenean zer pentsatu ematen digu. Horrek gure teoria behin eta berriro sendotzen du: euskaldunaren adimenaren begiak ikusten zuena, mendeak joan, mendeak etorri beste kultura batzuen eraginez moldatuz joan da oraingo buru-iruditeria osatu arte.

Amaitzeko hona hemen Euskaltzaindiak Euskal Herriko Hizkuntza Atlaserako Asteasun egindako grabazioa, gaia, jakina, Zozomikoteak. Klikatu eta disfrutatu!


Powered by Castpost


Powered by Castpost

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Hori bai domumentazio lana, Kepa! Eskertzekoa da.

Dena dela, gaur oraingoz ez da zozomikote eguraldik ageri inondik. Eguzki ederra eta egunsentitik zozoak eta birigarroak elkarri txanda hartu ezinik.

Tomax.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Beajondeiala, Kepa! Hori duk edertasuna azaltzen dena, alde bateko eta besteko, guztia txukun erakusleihoan ipinita. Zozomikoteak (berez zozo-merle-renak), nahiz behi-egunak nonbait, abelegunak dirudienez Frantziko paraje batzutan, eta 'artzai-egunak' gehienbat geurean... Udaberriak berekin eta beren berenetik ateratzen dituen kukulio ta kukuprak (denak kuku zorionekoarekin) horien margoanitz eta edertasun bikaineko... A zer gozatua hartu duguna 'zozomikoteak' direla-eta...
Nolanahi ere, aurten ere, dagoaneko urte gehienetan bezala, nik gogoan ditudanetan, ez dirudi antzinako abelzainen udaberri atzeratuaren presak larrituko gaituenik. Aurtengo zozomikoteak ez diote artaldeari, ardi xumeenari ere, kalte askorik egingo, doan eran... Datorren astean bai, ilgorak koskaren bak badakar. Gaur ilunabarrerako prestatuko dut asteari dagokion begirada. Hemen izango da hegoari despeida...
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Zozomikoteak atzeratuxerik bide datoz, baina, bete egingo dira, bai horixe! Ikusten duzuenez, itxuraz antzina sinesmen orokorra zegoen hedaturik Europan barrena. Tomax eta Pello, mila esker zuen ekarpenengatik! Batzuk blogak ixten dabiltza, baina guk eutsi egingo diogu zer esanik badugu eta.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Hegoaren despeida zozomikoteetan.
Aurten hegoak izan du agintea koarta-tenporak halaxe agindu zutenetik. Orain hilabete, ilgorak ekarri zuen elurtetxo bat, mendietan behera. Halatsu hurrengo aste honetan ere, ilgorak dakar berriro ere okerraren koska. Gure inguruan hegoa ibiliko da, barrualde eta kostalde. Baina, kostan, iparreko latitudeotan beheraka datorren hotza nabarituko da, ez hainbeste hotz mailan, baina bai goikaldeak lainotuagotzen eta ilunagotzen joango direlako, astelehena aurrera doan bestean, eta astearte eta asteazkenetan. (Zozomikoteak bezain fidagarriak egin dira seinale modernoagoa dena, Euskadi Itzuliko karreristak: horiek bai ekartzen dutela euria barrabarra).
Nioena, astelehen-astearte, tenperatura gozo epel emedunak izango badira ere, handik aurrera freskatzen, eta ostegunean hoztutzen, eta ostiralean (egun zoritxar bereziduna ia beti) mendietan behera elurra ere hortxe. Noraino jaitsi daitekeen ezin da seinalatu astebete aurrez, baina koska naturala eta apiril kolorekoa hortxe datorrela, bai. Beraz, asteburu honetan, egiogun hegoari merezi duen despeida ta agurra.
pellozabala

Blog honetako argitalpen ezagunak

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...

Tximu eginda