Udaberriko tenporak eta beste
Pasa den asteartean genioenaren arabera, asteazkena eta ostirala aintzat hartzen dira urtaroaren lehenengo hilabete eta erdia nola datorren ezagutzeko; hiruhilabetearen bigarren erdialdetik aurrera etorri behar duen aroaz jabetzeko larunbat gaueko azken orduetan jotzen duen haizearen norabideak adierazten du. Larunbatean 24.00ean dabilen haizeak jo egingo du hurrengo urtesasoia hasten denean. Beraz:
Asteazkenean aterri egon zen eta gainera, nahiko epela, haize-dantza polita ibili zen, izan ere, mendebala-iparra nagusi izan baziren ere, une batzuetan eki-haizea eta hego-mendebala gailendu ziren. Ostirala, ostera, euritsua izan zen, asteazkena baino hotzagoa eta gainera gauean haizea harro-harro. Hortaz, martxoaren 23tik maiatzaren lehengo astera arte, tenporen arabera, euria izango da nagusi, tenporetan ipar-mendebala gailendu delako. Bestalde, zenbait egunetan, asteazkeneko aroari esker, eguraldi epel samarra izango bide dugu. Maiatzaren lehenengo astetik ekainaren 23ra arte, aroa ere euritsua eta freskoa ikusten da, haize harrotasunik gabe. Izan ere, larunbateko haizeei dagokienez gero, berriz ere ipar-mendebala atera zen garaile, tenperatura fresko samar, ikaragarrizko hezetasuna eta haizea baretuta. Hortaz, tenpora kontuetan hasi berria naizen honek horrela ikusten dut udara arteko aroa. Betetzen direnentz, ekainean jakingo dugu eta horretarako apurka-apurka apuntatuko ditugu datuak jarraipena egitekotan. Pello, mesedez, lagundu ea zer sumatzen duan hik!
Amaitzeko, gaur EtnoMet-en 202. artikuluxka idazten nabil. Ez nuen nik pentsatzen horrenbeste idatziko nuenik. Ezta hurrik eman ere!
3 Comments:
At 15:55, Patxi said…
Baietz beste 202 idatzi.
Aupa Kepa!
At 17:32, Anonimoa said…
Hik daukak ekarria, hik! Sarri esan ei diagu norbaitek 'etorria daukala', ("Honek zaukak etorria, honek!")... Hirea, Kepa, etorria bai, baina areago ere baduk: hirea benetako 'ekarria' duk, hainbat kontu atsegin ta jakingarri, hainbat margo, argazki eta erretrato ekartzen dizkigukalako. Uholdeak lagun txarrak dituk belaun-katilutik gora, baina hire uholde edo ujiola ez dadila agor, freskagarri izanen zaiguk eta. 202 zenbaki polita duk, horrek berak eskatzen dik 404, 606, 808... ez al dira politak? Aupa, hi,lagunguko diagu eta.
Bidenabar, esan, bihar goizean koarta-tenporen ekarritxoa bideratzen saiatuko naizela.
pellozabala
At 17:36, Kepa Diegez said…
Mila esker anitz, Patxi eta Pello! Zuen hitzek beste hainbat "aroartikulu" idazteko kemena ematen zidatek.
Argitaratu iruzkina
<< Home