EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/03/07

Udaberriko tenporak aste honetan

“http://www.picassomio.com/images/art/pm-19600-medium.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.
Aurreko zenbaitetan EHKMEko webgunean Pello Zabalak urtaroen tenporen berri eman izan digu maisuki, baina azkenaldi honetan nagitsu samar dabilenez gero, beraren baimenaz, saiatuko gara 2006ko udaberriko tenporen berri ematen. Dakikezuenez, aste honetako asteazkenean, ostiralean eta larunbatean dira udaberriko tenporak. Oraingoan, lehendabiziko aldiz jarraipen berezia egingo diegu bertotik.
Erroetara jo nahian, III. mendearen aldean Eliza Katolikoak hiru eguneko barauldia (asteazkena, ostirala eta larunbata) ezarri omen zuen lau urte sasoien hasierarekin bat eginez; argi eta garbi antzematen da eguzki-ilargian oinarrituriko egutegia erabiltzeko araudian: Garizumaren bigarren astea, irailaren 14ko hurrengo astea eta abenduaren 13ko osteko astea.
Aurtengo udaberriko tenporak, Garizumaren ondoko asteari dagozkio, aste hau, hain zuzen ere. Geroxeago baraualdi hori ezabatu eta ostiraletan haragirik ez jatea finkatu zen, eta azkenik, berau Vatikanoko II. Kontzilioaren liturgi-egutegiaren erreformarekin kendu ere egin zuten 1970ean; hala eta guztiz ere, Euskal Herrian urte sasoi horiei uztartutako aztura finkatu da, hots, egun horietan jotzen duen haizearen arabera, hastekoa den urtaroaren eguraldia iragartzea. Itxura denez, aroa iragartzeko metodo hau antzina-antzinakoa da, izan ere, greko klasikoek aipatutakoen antz handi samarra du eta honako honetan datza: tenpora bakoitzeko hiru egunetan zein den haize nagusia hautematea.
Asteazkena eta ostirala aintzat hartzen dira urtaroaren lehenengo hilabete eta erdia nola datorren ezagutzeko; hiruhilabetearen bigarren erdialdetik aurrera etorri behar duen aroaz jabetzeko larunbat gaueko azken orduetan jotzen duen haizearen norabideak adierazten du. Larunbatean 24.00ean dabilen haizeak jo egingo du hurrengo urtesasoia hasten denean. Ikusten duzuenez, ez da dirudien bezain erraza, ez baita metodo lineala. Beraz, aste honetan, martxoak 8, 10 eta 11, adi baino adiago egongo gaituzue ea nondik eta nola jotzen gaituen haizeak! Iragarpenak umelak dira...

1 Comments:

  • At 12:39, Anonymous Anonimoa said…

    Orain, bidea ikasita, zer, Kepa? Uste duk ezer esan gabe egongo naizela?
    Dena den, koarta-tenporak direla-eta, Xiberuko Junes Casenave apez maisuarekin bat egiten ari nauk: hark, hango usadioen arabera, gartak edo garta-tenpora egunak, 3 egun bakarrik ez baino, asteko 'zortziak' direla dio. Bat nator. Lehengoan oso ondo esan huanez, gure lurraldeko bi eskualde erpinak, Xuberoa eta Bizkaia dituk honetan lekuko: eta bi muturretan gelditu, giputxok nahastu edogaldu dugna, agian. Bizkaian 'kontratenpora' deitu asteazkenari erreparatu ei diote; eta Xuberoan aste osoari. Bat nator Junes apez maisuarekin. Eta nahi duena ohartaraziko dut azken abenduko koarta-tenporetan gertatu zenarekin: asteazken-ostegun-ostiral-larunbat eta igande erdia, zeru estali tapatu tristeak (euri gabe) eta haize hotza: iparra ia fijo, ostiralean apur bat mendebaldu bazen ere. Ipar beltza eta ipar gorri frantsesa, lehen egun horien tajua. Baina, astelehen-astearte eta asteazkena, zeru garbi-garbi gardenekin joan ziren: izotza bai, latza gune askotan (ez dut uste izotz-begirik dagoenik, guneak galantak...), eta neguko bi hilabeteak hartatik joan dira txandaka: egun beltz tapatuak, eta txandaka, egun garbi izozdunak. Nik, berriro diot, komunikabideei uko egin, beti presaka baitabiltz, eta aste osoari erreparatu nahi diot, osatuagoa, aberatsagoa eta konpletoagoa delako, eta hurrengo urtaroaren ekarriak hobeto erantzuten diolako.
    pellozabala

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------