Koarta-tenporak. Pello Zabalaren interpretazioa

“http://www.bibliopoly.com/pics/asher/2419.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Koarta-tenporak noiz hasi, abisoak tarteko, dagoaneko erabakitako kontua dugu. Noiz amaitu, berriz, koarta-tenporen aste dontsu hori zenbat luzatu? Larunbat gauerdiko haizea nahi zizuten zaindu askok: erreparatu dionak jakingo du zer espero duen. Tenporetako ‘3 egunen’ jitea zaintzen dute beste askok: horiek ere badute arrazoirik. Zubero aldetik, igande-astelehenei ere erreparatu nahi die: eta Bizkaiko eskualde batzutan, baita ‘kontratenporetako asteazkenari’ ere.
Aurten, nik uste (edo Oñatin hain egoki diogunez, neri pentsaitten xat) komeni zaigula bi azken hauen neurrian jardutea. Saia gaitezen bada.
Neguko ipar terko fijo temati hotz hura ahazteko amorrazita, gustura hartu genuen gaur zortzi koarta-tenporen lehen eguna, asteazken zoragarria. Bera eta osteguna bere laguna, biak portatu ziren goxo, hegomendebal leun ferekalea, aspaldiko partez, ahul eta xume etorri zitzaigularik. Hortik ote martxoaren jitea eta... norainokoa?
Ortziral-larunbatak, nor baino nor, haize katramilatsu sorgin jirokoa ekarriz, aldagoi baldres amorrante, goitik bainoago, aldamen guztietatik bustitzen dakiena ekarriz azaldu ziren. Ostegun gauean bizitzen hasitako mendebala, ipar-mendebal kostan, mendebal trakets barrualdean, hurakan abiaden neurriak hartuz harrotu zen, 107tik gora ibili baitzen, zuhaitz eta beste baldarki astinduz. Apirilaren patua ote, beste behin?

Igande-astelehenen atarramentua, aldiz, guztiz bestelakoa. Eta astearte-asteazkenok erantsiaz gero, noiztik ez dugu ikusi honelako gustadizorik? Atzo, ordu eta laurden batean, zenbatzen hasi eta, 41 tximeleta ikusi nituen, ballet pinpirin airosetan. Xaguxahar koadrilla ere bai, enara pare bi besterik ez dela etorri eta, eltxo eta xomorroak harrapazka jaten arrats erdi gozoan: haizerik ez, eta hura eltxo festa! Hau dena, maiatzerako programa?

Hel deiegun aroaren etxekoandreak dituen bi aurpegi nagusiei: ilberri eta ilbeteari. Hauek beti ematen dute pista egokirik. Gauzak normal, ilargi berriak, aurpegi ttiki gordean (ttattar konplejua, akaso) ia beti okertzen digu aroa, koska kamutsen bat sortuz edo zaputzaldiren batekin. Merezi luke akordura ekartzea, neguko 3 ilargi berriek sortu dutela arazorik: abendukoan, bi egun aurrez, Inuxente eguneko elurte kaxkar gaiztoa. Hilabete ondoren, urtarrilekoaren bi egun aurretik, beste elurtea, kosta aldean oparoagoa barrualdean baino (Iruñean eguzkitan, Bizkaiko kostan hainbat arazo eta argindarra eskas). Otsailekoak beste horrenbeste, baina aurrea hartu zion ilbeherak, astebete lehen. Pentsatzekoa da, maiatzaren azken asteak ere, Azinzio letainak gogoan, zaputzaldiren bat ekarri nahiko duela: orduan beroa ere tartekatzen denez, ekaitz kontuak izango dira, ziurrenik. Martxoko ta apirileko ilberriek, zer? Utz ditzadan geroxeagorako.

Ilargi betea, aldiz, ponpoxo ta zalamero ibili ohi da, fanfarroi punttu bat duela, atzoko talo handia bezala, gozokizko aroa oparituz. Halatsu portatuko da maiatzekoa ere, udaberriko margo anitzak azpimarratuz. Eta apirilekoa? Kontuz apirilekoarekin! Zein bekatu du, bada, apirilak? Apiril jorraileroa bestelakoa da: alderantzizko aldrebesa. Horregatik akordatzen gara zenbat astesantu ta pazkotan, askotan, hotz ta euri, elur eta beste nola izan ditugun: “garizuma haixea” eta “astesantu haixea” esateraino, sasoi horretan azaldu ohi duen haize fin xorrotx umel atorrantea gogoan... Hortaz, apirilak, bere astesantu ilargibetedun eta guzti, ekarri nahiko ditu bere aldrebeskeriak. Ez du alferrik, apirilak, hain fama txarra, berezkoa (Oroitu honako hau: Abril, abril: de cien en cien años deberías venir. Lo dijo la vieja, vivió ciento uno, murióse la pobre y no vio ninguno).

Eta tarteko morroi ilgora eta ilbeherak, zer? Hauekin gutxi fiatu udaberri aldakorrean! Nagusiari aurrea hartuz, bere boterea eta diruak gozatu nahi dituzten morroi tratante negoziante politikeroak dirudite. Hemen dugu gertu bat, ilbehera, datorren astean. Kontuz! Ekarriko du bere koska. Ondoren dugu ilberri, martxoaren azken astean. Hau ja, apirileko aldrebeskerien barrutian egon daiteke, eta ilbehera baino askoz hobeto portatu. Ez, ordea, apirileko ilgora, astesantuaren atarian daukaguna: nagusi potoloaren bidea prestatzen jardungo da, astesantu-pazkoak hoztuz, bustiz eta apirilduz... Beraz, ilbehera eta ilgora, ez fiatu udaberrian! Batez ere, ez fiatu apirilekoekin. Gainerakoak kamutsaldi laburrekoak, zaputzaldi exkaxekoak izango dira.

Pello Zabala

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Pello Zabalak poema idatzi digu. Ea honako mozolo honek -atrebentzia ez bada- hari nagusiak ulertzea lortu duen.

-Martxoa: goxo, hegomendebal leun ferekalea ahul eta xume...
* Kontuz ilbeherarekin (22): ekarriko du bere koska.
** Ilberri azken astean (29) ilbehera baino askoz hobeto portatu daiteke.

- Apirilaren patua: haize katramilatsu sorgin jirokoa, aldagoi baldres amorrante, goitik bainoago, aldamen guztietatik bustitzen dakiena (...) mendebala, ipar-mendebal kostan, mendebal trakets barrualdean, hurakan abiaden neurriak hartuz (...) zuhaitz eta beste baldarki astinduz...
* Kontuz apirileko hilargi betearekin (13): astesantu haixea, garizuma haizea...
** Ibeherak (21) ilberriari trakeste bidea irekiko dio. (Benetan txarra izan behar du apiril honek, diot nik).

- Maiatza: aldiz, guztiz bestelakoa (...) noiztik ez dugu ikusi honelako gustadizorik?... Tximeletak, xaguxaharrak, eltxoak...
* Ilberria (27): zaputzaldiren bat ekarri nahiko duela: orduan beroa ere tartekatzen denez, ekaitz kontuak izango dira, ziurrenik...
** Ilgora (5) eta ilbehera (20): kamutsaldi laburrekoak.

Ondo ulertu ote dut?

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Uf! Nik zure moduan ulertu dut, baina, "tenpora lirikoak" direnez gero, metaforak eta metonimiak harrapatu behar. Halarik ere, zoragarri jardun du Pellok. Berea ez da adierazteko modua. mamia ere dario nondik-nahi. Askok eta askok hobe horrela idatziko balute. Tomax, lanak izan dituzu ulertzeko, eh?
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Aizue, hain zaila jarri al dizuet? Epez epe ez baina, saiatu nauk mementu edo une (gune ez esateagatik) arriskutsuenak, ilargi-aurpegienak, alegia, seinalatzen. Nondik ibiliko den ilargi koska bakoitzetan. Apirilekoak ez gainerakoak, nire ustez, aldaketa laburrekoak edo, koska ez baino koxkarekikoak izango direla dirudi. Beraz, koxka horiek salbu, a zer egun bakeoso ta polit dotoreak eskaini behar dizkigun aurtengo udaberriak. Primerako primadera, ilargi aurpegien koxka horiengatik ez balitz. Halere, ez ahaztu, apirileko ilargiak koxk egiteko moduko koskak izaten dituela, aldrebes portatzen delako.
pellozabala
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Lasai, Pello, ez da zuk ilun idatzi duzula, beste batzuk gara motz antzekoak.

Bueno, bada, orai baditugu tenporen bi irakurketa gutxienik:

- Pello Zabalak Etnomet honetan eskaini diguna.
- Diario Vascon J. Peñalbak egin duena: "Las témporas anuncian una primavera con abundantes lluvias (...) Las témporas pronostican una primavera pasada por agua. Lo que resta de marzo ofrecerá, probablemente, los mejores días, los más soleados. Luego, abril y mayo se anuncian muy lluviosos".

Ez dakit Garan edo Berrian bestelako irakurketarik atera den.

Nik gaur goizean euro bat jokatu dut okindegian Pello Amezketarraren alde. Kalitate kontrola, maiatz bukaeran.

Tomax.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Lasai, Pello, ez da zuk ilun idatzi duzula, beste batzuk gara motz antzekoak.

Bueno, bada, orai baditugu tenporen bi irakurketa gutxienik:

- Pello Zabalak Etnomet honetan eskaini diguna.
- Diario Vascon J. Peñalbak egin duena: "Las témporas anuncian una primavera con abundantes lluvias (...) Las témporas pronostican una primavera pasada por agua. Lo que resta de marzo ofrecerá, probablemente, los mejores días, los más soleados. Luego, abril y mayo se anuncian muy lluviosos".

Ez dakit Garan edo Berrian bestelako irakurketarik atera den.

Nik gaur goizean euro bat jokatu dut okindegian Pello Amezketarraren alde. Kalitate kontrola, maiatz bukaeran.

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Tira, badakit ni hutsaren hurrengoa naizela Pello "munstro"-aren ondoan, baina, Deustu aldean jasotako datuen arabera, lehengo egunean neure iragarpen xume, apal eta xehea egin nuen ea horrela ikasiz noan. Gero ez hartu kargu, eh?
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Barkatu, Kepa: despiste bat izan da nirea, eta ez inolaz ere zure lana gutxiestea. Ostiralean bertan sartu nahi nuen zuzenketa hau, baina zorabiatu samarra zebilen Blogger hau; hain zuzen ere, nire aurreko erantzuna bi biderretan sartu zuen. Hegoaizeak ikututa ibiliko zen.

Beraz, eta ea oraingoan ondo laburbiltzen dudan, hiru pronostiko ditugu udaberri honetako tenporak ikusita:

1) Kepa Diegezena:
- martxoaren 23tik maiatzaren lehengo astera arte euria izango da nagusi.
- zenbait egunetan eguraldi epel samarra izango bide dugu.
- Maiatzaren lehenengo astetik ekainaren 23ra arte, aroa ere euritsua eta freskoa ikusten da, haize harrotasunik gabe.

2) Pello Zabalarena:
-Martxoa: goxo, hegomendebal leun ferekalea ahul eta xume...
* Kontuz ilbeherarekin (22): ekarriko du bere koska.
** Ilberri azken astean (29) ilbehera baino askoz hobeto portatu daiteke.

- Apirilaren patua: haize katramilatsu sorgin jirokoa, aldagoi baldres amorrante, goitik bainoago, aldamen guztietatik bustitzen dakiena (...) mendebala, ipar-mendebal kostan, mendebal trakets barrualdean, hurakan abiaden neurriak hartuz (...) zuhaitz eta beste baldarki astinduz...
* Kontuz apirileko hilargi betearekin (13): astesantu haixea, garizuma haizea...
** Ibeherak (21) ilberriari trakeste bidea irekiko dio. (Benetan txarra izan behar du apiril honek, diot nik).

- Maiatza: aldiz, guztiz bestelakoa (...) noiztik ez dugu ikusi honelako gustadizorik?... Tximeletak, xaguxaharrak, eltxoak...
* Ilberria (27): zaputzaldiren bat ekarri nahiko duela: orduan beroa ere tartekatzen denez, ekaitz kontuak izango dira, ziurrenik...
** Ilgora (5) eta ilbehera (20): kamutsaldi laburrekoak.

3) Diario Vascoko J. Peñalbarena:
"Las témporas anuncian una primavera con abundantes lluvias (...) Las témporas pronostican una primavera pasada por agua. Lo que resta de marzo ofrecerá, probablemente, los mejores días, los más soleados. Luego, abril y mayo se anuncian muy lluviosos".

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Lasai,ez nuen neure burua gutxietsita ikusten. Txantxetan ari nintzen, baina, jakina, idatziz, batzuetan zaila da adieraztea. Nirea interpretazioa bainoago jolasa da, baina, jolas serioa.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Lagunok: tenporen kontu hau dela eta, sinpatia handiz baina egurra politto banatu du atzo Joxe Landak Berria egunkarian egin zioten elkarrizketan. Joan den udazkeneko tenporek (haien irakurketa egin zutenek alegia) ez zutela asmatu, tenporek ez dutela zerikusirik eguraldiarekin elizaren ohiturekin baizik, eguraldi ona (edo euria) eskatzeko egiten diren errogatiben parekoak direla, tenporek asmatzea kasualitate hutsa dela... Eta errematea emateko, kazetariak motzean definizioa eskatuta dio: "Tenporak: Gezur polit bat".

Erruki gutxi dauka Osaba Joxek.

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Ez da harritzekoa, egurtu samartzea, oinarririk zientifikorik ez dagoelakoan. Neu ere iritzi berekoa nintzean, baina Elizak finkaturiko egun horien azpian zer ote zegoen interesatzen zait. Adibidez, inauterien azpian bestelako ospakizunak baziren, beraz, zergatik ez ote da egongo beste zerbait tenporenean? Gainera, meteorologo askok osagarritzat hartzen dituzte eta ez dituzte gaitzesten. Gezur polita baino areago, nik jolas polita esango nuke.
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Kepa:

Irakurri duzu Joxe Landaren elkarrizketa Berrian? Segidarik ez daukala baina bila dabilela dio. Alegia, bere jakinduria norbaiti pasa nahi diola.

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Blog-administratzaileak iruzkina kendu du.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Bai eta pena da norbaitek segida ez hartzea... Ea norbait animatzen den! Bestalde, kontu bat harrigarri egiten zait: ez-dakit-noiz, baina EHKME nire tesiaren corpusa argitaratzekotan dago, "Eguraldiaren Herri-Hiztegia", alegia eta tartean berari hartutako hainbat hitz esa esamolde eta esaten du Euskaltzaindiak izendegiren bat egin behar lukeela eguraldi kontuan... Hiztegi aldetik inork jakitekotan, berak daki! Eta badirudi ez duela nire lana ezagutzen... Gutxi gara eta ezezagunak. Hori da gure patua!
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Deitu 'iozu, Kepa. Eta ez al zaitu tentatzen bere segida hartzeak?

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Blog-administratzaileak iruzkina kendu du.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Zelako ohorea! Tentaziorik bai, baina gaitasunik? Horrelakoetan ibiltzeko erdi baserritarra izan behar da eta ni kaletar peto-petoa. Gainera, nola ikas niezaioke berari, nola jarri harremanetan, bera prest legoke? Zalantza asko. Zuk zer uste duzu?
Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
Ni Txirritarekin, Kepa:

"Sutan jartzian probatutzen da
nolakua dan eltzia".

Herri Irratian emango dizkizute bere telefonoa eta e-maila.

Tomax.
Hau esan du Kepa Diegez erabiltzaileak…
Tira, Txirritak zioena egia santua zen, beraz, ea zer gertatzen den! Mila esker, Tomax!

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Haizea ez da indartsua, gogorra eta zakarra, bai

...ari du...