Ilbetearekin, aldaketa
http://weather.unisys.com/mrf/9panel/mrf_850_9panel_eur.html
Gaur, otsailak 13, neguko tenporen hirugarren aldiari ekingo diogu ilbetearekin batera. Maiz askotan izaten da aro-aldaketa ilbetearen inguruan eta horixe gertatuko da, hain zuzen ere, bihardanik. Izan ere, frantziparra bidaltzen zigun antizikloia desegin eta itsasoko egoera gailenduko bide da hurrengo egunetan. Tenporen arabera, neguaren bigarren aldia lehor eta hotz samarra izango zen eta zitekeena zen elurteren bat edo beste izatea. Horrelakoxea izan da, hotza eta lehorra. Hirugarrena, aldiz, epel eta euritsuagoa izango omen da eta hasierak horrelaxe ere jardungo digu aro ikertzaileen arabera. Tenporetan sinesten hasi beharko dugu? Behin Pello Zabalari entzun nion beraren idurikoz %70 bete ohi zirela eta hori oso ehuneko altua da, nire iritziz. Gai istilutsu bezain erakargarria da eta agian, beraren azpian dabilkigun funtsa zientifikoa bilatzeari ekin behar genioke. Sinetsi ala ez sinetsi, hortxe dago gakoa!
Iruzkinak