EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/02/22

Ibai eta hodeiak

“http://www.yetiphoto.ca/gallery/albums/userpics/10001/fire-cloads-web.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Tesiaren inguruan beharrean dihardut eta Ibai albora hurreratu zait. Sarritan egin ohi du, nirekin berba egin edo zerbait galdetu nahian ibiltzen da eta. Oraingoan honela hasi da:
-Aita, arratsaldez beti egoten zara ordenagailuan
-Bai, badakizu tesia egiten nabilena. Lehengoan azaldu nizun eguraldiari buruzko berbatxoak bildu eta aztertzen ari naizela. Horrexegatik ikusten nauzu askotan teklak jotzen.
-Ah! Noiz amaituko duzu?
-Ba, dena ondo joanez gero, laster espero dut.
Ibaik burutxoa mahai gainetik altxatu eta kanpora begiratu du. Adi-adi eta ia zirkinik egin gabe halako batean bota du:
-Zelako hodei politak! -oskorri zegoen, hego haizearen seinale- Ukitu egin nahi ditut! Aita, goazen oraintxe bertan hodeiak ukitzera!
-Baina, Ibai, hodeiak ezin dira ukitu!
-Zergatik ez?
-Ba, euri-tanta txiki mordoz osaturik daudelako eta ez dira, adibidez, liburuak bezalakoak. Liburuak, bai, uki daitezke, baina hodeiak ez. Gainera, mendira joan izan garenean, noiz edo noiz lainoak eman digu eta ukitu egin duzu. Izan ere, hodeiak lainoa bezalakoak dira.
-Bale, baina ez naiz konformatzen, nik hodeiak ukitu egin nahi ditut. Ez du balio lainoaren modukoak direla esateak. Noiz joango gara, aita?
-Eta zeintzuk hodei nahi dituzu ukitu?
-Hortxe ikusten direnak, atzamarrak seinalatuz etxetik begiztatzen den Eretza mendiaren gainetikoak.
-Bale, ahal dugunean, joan egingo gara. Agintzen dizut.
-Ze ondo, aita, hodeiak ukitzera joango gara!
Beraz, agindutakoari eutsi guran hurrengo asteakabuan joan beharko dugu Eretza mendi aldera hodeiak ukitzera. Lortuko ote dugu? Espero dut lur barnetik aterako diren hodeiak sendoxeagoak izatea, osterantzean, Ibaik ez du bere helburua erdietsiko, baina, behintzat, ahalegindu egingo gara.

2 Comments:

  • At 18:28, Anonymous Anonimoa said…

    Zure semeak, behintzat, "beti egoten zara ordenagailuan" eta "noiz amaituko duzu lana?" esaten du. Deskuiduan dama-jokoan edo harrapatzen bazaitu noizbait (ni, etentxo bat egitearren, behin baino gehiagotan aritzen naiz), hor botako dizu: "Bai zera, aita! Jolasean aritzen zara eta!".

    Bestalde, ikusten denez, bete egiten da "Nolako egurra, halako ezpala" esaera. Ala? Ibai, hodeiei adi, besteak beste. Asierrek, behin baino gehiagotan, atarian edo kalean ikusten dituen testu elebidunei buruzko iruzkinak egiten ditu: "baina gaztelaniaz ez du hori esaten..." eta abar.

    Besteak beste aita ere izatearen poza partekatzeko idazten dizut hau. Ez baita gauzarik hutsalena, ezta hurrik eman ere!

    Azkena, txantxetan baina benetan esana (anbulatorioko ate bat seinalatuz): "Aita, hor 'ez sar' jartzen du, eta gaztelaniaz 'no entr' jarri behar zuen...".

    Suerte on! Atxik!

     
  • At 20:24, Blogger Kepa Diegez said…

    Jo, Patx, mundial dit ume! (Asierreraz, jakina)
    (Patxi, mundialak dittuk umeak!)

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------