EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2006/01/31

Barantaila hasi da

“http://www.personal.psu.edu/users/w/x/wxk116/RomanCalendar/met26.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Idus Februarias: Parentalia

Ohiturari jarraiki, hilabeteen hasieran berauei buruzko izendapenak blogeratu ohi ditut. Otsailak ez du bere baitan asko biltzen. Hala ere, eduki aldetik interesgarriak dira oso. Lau dira izendapenok eta aldaerak. Hona hemen:

Barantail

baanthalla: Zuberera. (Harriet). Hiztegia.
banthalla: Z-Altzai. Lacombe. Eskuizkribua.
barandail: Loila, ezadila hoila, ondotik darraike barandaila. (Oihenart). Atsotitzak, 303 or.
barantaila: Saint-James. Eskuizkribua.
baranthail: Baranthailla emazten eta gatuen ilhebetea da. (Azkue). Euskalerria Jakintza I, 66 or.
baranthalla: Zuberera. Baranthalla lehenetik aitzina soldado deithürik dirateke.... Herria, 1962-01-25

Katail

katail: B-Gernika /G-Arrasate. Arrasate ta Genikan bigarren ilaren izena (euskalgaiztoko itza) katail da, katuen ila. (Azkue). Euskalerriaren Jakintza I, 66 or.
katuil: B-Elorrio. “Elorrion katuil esaten zaio otsailari baserri giroan. Eta arrazoia bistakoa da. Edo hobeto belarrikoa: katu emeak arreske jartzen dira bereziki hilabete honetan. Baserriratu berritan pentsatzen genuen haur txikien negarrak zirela, hain dira zirraragarriak. Apirila edo maiatzean jaiotzen dira katuilaren ondorioak”. (Mikel Irizar, Elorrio).

Otsail

otsail: B-ihartua/ Gipuzkera / Goi-Nafarrera / Lapurtera / N-Erronari, Zaraitzu. Ez da otsailerako gure eria. (Duvoisin). (Azkue). Hiztegia.
otsil: B-Ondarroa / Behe-Nafarrera / G-Andoain / Goi-Nafarrera / L-Ainhoa / N-Uztarrotze / Zuberera. (Azkue). Hiztegia.
otzaill: G-Oñati. (Candido Izagirre). El vocabulario vasco de Aránzazu-Oñate.

Zezeil

zezeil: Retana Hiztegia.
zezil: Karmengo Egutegia, 1952, 29 or.

Iaz sasoi honetan , katail izena agertu genuen eta Mikel Irizarrek Elorriotik iruzkin oso zehatza egin zigun. Aurtengoan barantail hitzari buruz botako dugu hipotesia: jatorriz zuberotarra, itxura denez erromatarrek ospatzen zituzten Parentalia jaietatik dator izena. Segur asko –lia eta -(h)il bukaerak nahastuko ziztuzten hiztunek. Parentalia jaiak erromatarrek otsailaren 13tik 21era bitartean ospatzen omen zituzten eta beren arbasoen hilobiak bisitatu eta beraien gainean esne, ezti, ardo eta irin eskaintzak egiten omen zituzten. Ukaezina da barantail eta parentaliaren arteko erlazio fonetikoa. Beraz, badirudi barantail-ek ez daukala berant-ekin zerikusirik, lehenengo begiratuan uste daitekeenez.

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------