Truxu ederrak egunotan!
Azken egunotan bota ahalean egin du euria Euskal Herriko eremu hezean ("ipar aldean" esan nahi nuke, baina, iparraldearekin nahasten denez...). Hainbat bazterretan errekak hazi samarturik etorri izan dira eta jendea noiz gainez egingo beldur. Izan ere, herri batzuetan 100 mm jaso dituzte egun pare batean. Horrek ez dauka urriko hego haizearekin zer ikusirik. Ez horixe! Euriaren ugari eta oporatasuna zenbat-gura berba eta modu dauzkate euskalkiek. Hemen behin baino gehiagotan ekarri izan ditugu ele eta lokuzio franko , baina, badirudi euskara estandarrean betikoak erabiltzen direla. Nik neuk hitz-gordailutik Bizkai aldean erabiltzen den berba bat erauzi eta ortziratu nahi nuke: truxu. Hiztegietan egon dago, baina ahantzi samarturik, nik uste. Ikasi nuenez geroztik, itxura erromanikoa hartu nion. Izan ere, "tr-" hori susmagarria zen nire irudiko. Hitzen etimologia tesirako gaia ez dudan arren nondik etor zitekeen aztertzen jardun dut eta uste dut -usteak erdia ustel- asmatu dudala. Latinez, trudo, -ere, trusi, trusum aditza dago eta zera adierazi nahi du: bultzatu, indar handiz jaurti... Beraz, zuek esango didazue zuzen nagoen ala ez. Labayru Hiztegian honako adibide hauek dira:
Euri truxuak dira (Llueve a cántaros)
Truxu izan, egin, bota = jasa, erauntsi
Truxuan = bota ahalean
Truxuka da euria = bota ahala
Nik datu-basean hauxe daukat:
truixu iz.: Bizkaiera. Onek dira euri-truixu ederrak! (B-Mundaka)
Nozbait jazoten jake, eguraldi euritsu ta truixu gogorak igarota, etortea ona gaba igarotera. (Peru Abarka, 105-7) (Azkue). Hiztegia.
truizu iz.: 1. Truizu edo erauntsi edo zaparrada ederra. (Azkue). Euskalzale, 1899, 88 or. 2. iz.: Truizu edo tenpestade iñoz ezagutu ez dirian languak. Kanala-Etxebarria. Jesucristo, 90 or.
truju iz.: Bedeinkatu beye irestu, oñaztarri, ta lañoak / lanbro, trumoi, indriska, ta truju ta ekatxak. F. Arrese. Olerkiak, 340 or.
trujutsu adj.: Desegiguzu gaiztakeria / trujutsua, / eguzkiaren begi zorrotzak / laster desegiñ / daroen legez aurrean dauken / odeitxua. F. Arrese. Olerkiak, 208 or.
truxu iz.: Mutriku'n truxuk ein dau. Etxaburu Euskera, 1972, 116 or. Bera jaikiko zan gaberdian, truxuaren zaparrada entzun ezkero, euri-oxinak arekatik zear bialtzera. (Tx. Agirre), Garoa, 110 or.
truxutsu adj.: Gaberdia zan; gaua guztiz illun egoan, truxutsua. (Tx. Agirre). Garoa, 110 or.
Iruzkinak
Bide batez, eta euriarekin segituz, atzoko (2005-12-09) Berrian Aurelia Arkotxak bota zuen beste forma polit bat: "jaits ahala euria". Behar bada aurrekoren batean zuk ere bilduko zenuen, baina nik ikusi gabea neukan oraindaino:
"Eskailerak dirdiraka eurian. Jaits ahala euria, geldi gabe. Geroztik, gaur arte, euria. Iduritzen zait ez dela ja geldituko. Sekula".
Tomax.
Bai, badaukat bilduta datu-basean. Hala ere, ederra Aureliaren esaldia. Corpusean sartuko dut. Betiko legez, hamaika mila esker. Galderatxo bat: uste duzu "truxu" eta latinaren "trusu" eleek badutela zerikusirik? Izan ontsa.
Eta duela gutxi Arantzazun bildu direnei galdetzen badiezu igoal esango dizute alderantziz dela, latinak hartu zuela euskaratik (etruriarren bitartez edo)...
Tomax.