Eguraldi zarpaila
Euri zirtziletik aro zarpailera, arroparen gaineko irudiek jarraitzen dute hizpide eguraldi kontuan. Izan ere, lokuzio hori jasotzen du Justo M. Mokoroak bere lan mardul eta eskergan. Bertan dauka norberak euskal sena, inon edukitzekotan! Egunotan hortxe dugu geure Trapero adierazkortasun eta hizkera informalaren inguruko hausnarketa eta gogoeta interesgarriak egiten. Aupa Patxi! Eta zer ikusirik ote dauka zarpailkeriak aroarekin? Bada, horrelaxe esaten omen zaio eguraldi goibel, triste, eroriari, asteon dugunari, alegia. Egia esan, arropa zarpailaren metafora polita da. Inork erabili ala entzun du horrelakorik? Antzekorik? Mokoroaren arabera Gipuzkoako Aia herrian egualdi zarpilla esaten da. Tenporen arabera, horrelako eguraldiaz gozatuko gara atzoz geroztik urtarrilaren 15era arte? Egun horretan egiaztatuko dugu bete denez. Bitartean, gakizkion lanari!
Iruzkinak
Ez dakit interesgarriak diren, baina sakonki pentsatutakoak bai behintzat, eta hautsa gehiegi hartu baino lehen garunean, haizea hartzera ateratakoak!
Galdetu nuen lainoarena, presaka nenbilen batean ordea! uste det baserritarrak ez zidala ulertu esan nahi niona.
Berak "seiña txarra" aipatu zidan.
Ondokoak: seiñale txarra?
Berak: bai, mendi zokoan lainoa atera ezinda geratzen danen, seiñale txarra izaten da.
Eta korrikan aldegin behar izan nuen denda itxi baino lehen.
Patxada haundiagorekin galdetuko diot, hurrengo batean.
gakizkion bai lanari!