EtnoMet-EtnoAroak urtebete. Gorotzila hasi da

Ia ia ohartu gabe blog honek urtebete egin du. Iazko azaroan hasi nintzen idazten buruan helburu bikoitza nerabilela: batetik, eguraldiaren gaineko herri-lexikoa zabaltzea eta bestetik, balizko irakurleen ekarpenekin tesirako corpusa handiagotzea. Ni neu pozik nago, ez nator bat internetek bakartzen gaituela esaten dutenekin. Blog honen bidez, harremanak egiteaz gain, lana zabaldu eta ezagutarazteko balio izan dit eta blogari esukaldunen artean sare sendoa sortuz doa etengabe. Hamaika sentimendu, irudikapen eta iritzi elkarbanatzen ditugu. Ez da nolanahikoa, ez horixe! Bestalde, ondo sentitzen naiz idazten -nahiz idazlea ez naizen- eta garrantzitsuena, gure ondarea partekatzen, jakin dakidalako norbaitek nonbait irakurriko didana. Mila esker irakurri eta iruzkinak egiten dituzuenoi!
Gaur, egun berezi honetan, azaroa hasi da eta horrelako egun gehienen hasieran hilabete-izendapenei lotzen natzaie bestelako izenak ezagutaraztekotan. Bildu ditudanak hauexek dituzue:
abendu: Azkue. Hiztegiaren Eranskina, 495 or.
abendu txiker: Pello Zabala.
azaro: D. Intza. Esaera Zarrak, 1297. Azaro loizu, urtea garizu.
azau: Z-Altzai. Azau eder bat. Lacombe. Eskuizkribua.
azil: Azilaren lau lehen egunak hotz eta lanho. Herria aldizkaria, 1959-11-05.
gorotzil: Z-Eskiula. Itzak berak dio garbi asko: gorotza barrutieri banatzeko illa, alegia. Arantzazu Egutegia, 1962-11-01. Azkue. Hiztegia.
hazaro: Lhande. Hiztegia
hazil, hazil(h)a, hazilla: Orokorra. Hazilla da, uritearen eta agortearen arteko aro minberena. Fedearen Propagacionea 1907, 170 or. Lhande.Hiztegia
lenabendu: N-Zaraitzu. Azkue. Hiztegia
lenabentu: N-Erronkari. Azkue. Hiztegia.
7 Comments:
At 22:13,
Anonimoa said…
Beajondeiala, Kepa! Eta, beajondeigula guztioi! Urtebete ongi betetzea ez duk txirriskilaren lumatxo haizeak daramana. Leonortxok urtebete betetzean, guk bi izango ditiagu: beti aurretik joanen gaituk. Urtetan bederen irabaziko zioagu...
Animoz ongi eta ondroso senti hadila, Kepa. Hire itzalean, saiatuko gaituk gu geu ere, urtaro bakoitzean bezala ilargialdietan, kandelatxoa piztuta egon dadin... Belarritik tiratzeko gauza ez bagara ere, bustiko diagu!
At 11:58,
Anonimoa said…
aupa Kepa.
Hiztegi bizi bat egiteko zure ahalegin honek, merezi du bai.
Asko dira, batzen ari zaren berbak, ideiak, denak eguraldiarekin lotuak, denak Euskal herrietan barna topatuak.
Gustura irakurriko nituzke denak, jarraian, wiki batean, eta jakin badakit, zuk hori eta gehiago egiteko gaitasuna baduzula.
Urteurrena ospatzeko, polita izan zen, Hegohaizeari buruz Elibaxete Garmendiak Posdatan egindako saioa. (ETB-2k albistegietan eman zuen atzo, behin eta berriz).
Zor onak dituzu oraindik. Segi lanean. Denbora lagun.
patxik
At 17:21,
Kepa Diegez said…
Mila esker, guztioi!
Patxi, baliteke laster paperezko hiztegia izatea, hau da, tesiaren corpusa, 5000 bat hitz, denak sailkaturik. Esaten badidazu nola egiten den wiki-ren kontua ahaleginduko naiz egiten.
At 22:42,
Anonimoa said…
Zorioanak eta mila esker, Kepa, egiten ari zaren lanagatik. Marathoia ez dakit baina luzera puska bateko lasterketak korritzeko gai zarela erakutsi duzu.
Nago blogistek ekaitzei ez baina tropikoetako haizerik-ez bare horiei dietela beldur. Inguruko hotsik ezari, erantzun eskasiari. Baina egoskor tematu zara lanean, eta altxor politak erakutsi dizkiguzu.
Nire aldetik, mila esker erakutsi didazun guztiagatik. Eta segi zorrotz lanean.
Tomax.
At 22:58,
Kepa Diegez said…
Aupa, Tomax. Zu zara zu! Bai, zuzen zaude. Ni neu, behintzat ez naiz ekaitzen beldur, maite ditut eta gehientsuenetan beraien txerka jarduten dut, tximista nondik aterako zain. Anitzez ere belduragarriagoak dituzu barealdiak, lehorteak, erantzunik ezak... batere dudarik gabe! Zu barik ere blog hau ez litzateke bera izango. Mila esker eta segi dezagun lanean!
At 00:02,
Patxi said…
Zorionak Kepa!
Segi gogotsu!
At 12:37,
Kepa Diegez said…
Mila esker, Patxi Trapero, ezta? Zure bloga ezin interesgarriago da. Segi zeuk ere kementsu lanean!
Argitaratu iruzkina
<< Home