EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/09/19

Ura gora

Gaur, irailak 19, oker ez banago aurtengo itsasgora biziena da. Atzo, hain zuzen ere, ilbetea izan zen eta ezaguna denez, ilargiak bete-betean eragiten dio itsasoari. Bilboko portuaren itsasaldien taulen arabera, atzokoa 4,90 metrokoa izan zen eta gaurkoa 4,91koa, beraz 5 metro ingurukoak handi samarrak izaten dira. Horrelakoetan, argazkian ikus daitekeenez, Bilboko San Ignazio-Tellaetxe auzuneko "Elorrietako bihurgune"-an itsasadarrak gainez egiten du. "Itsasgora" adierazteko euskalkiek darabiltzaten izendapenen artetik, Bizkaiko Txorierriko ura gora aukeratu dugu berekin atsotitz polit asko dakar eta: Ura-goran jaio da hori esaten ei da zorte ona izaten duen neska edo mutilagatik. Markina eta Ondarroan ur onean esaten ei da.
Bestalde, Mungia aldean ilgora eta ilbehera adierazteko urak gora eta urak behera espresioak ere erabiltzen ei dira. Herriak oso garbi bide dauka ilargiaren eta itsasaldien arteko lotura.
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------