Trumoi lainoak: Eate
Egunotan aro aldakor samarra dugu, egun bakar batean denetarik izaten dugu, noiz sapa, noiz enbata, noiz ekaitza, noiz euri langarra... Atzo eta herenegun, adibidez, nonahi eta noiznahi kumuloninbo franko sortu ziren Euskal Herriko bazter gehientsuenetan. Ondotxo dakizuenez, goitik beherako hodei luze-luze horiek dira, batzuetan 12 kilometrokoak..., "laino dorreak" Bizkaiko Arratia haranean esaten dutenez. Gogorarazi dezagun nork zuzendu ohi dituen horrelako laino eta hodei motak Euskal Herrian: Eate. Horretarako J.M. Barandiaranen hitzak ostera ere ekarri ditugu hona:
“Haranez haran eta mendiz mendi trumoi-hodeiak zuzentzen dituen jeinua da. Izen horrekin esaten zaio Gipuzkoako Goierrin ekaitz, su, uholde eta haize-erauntsien jeinuari. Eateots entzuten da harria, sute ikaragarria, uholdea edo basoan burrunba ateratzen duen haizea hurbiltzen direnean. Beste izen batzuk honako hauek dira: Egata (Zegama), Orots edo Erots (Arakil), Ereeta (Azpeitia). Ereeta'n bizarrak erretzen ari den baso baten edo eraikin baten sugarrak dira, goraka egiten dutenak Badira pertsona batzuk indar magikoak dauzkatela uste dutenak eta Eateri ustezko agindu egokiak ematen dizkiote; batzuetan eskuaz seinalatuz esaten omen diote non bota behar duen euria eta non harriabarra. Esate baterako, Zeanuriko Ipiñizar auzoko bizilagun batek, trumoi-hodeia hurbiltzen ari zela ikustean, uztai-bedar (Rumex crispus) izeneko belarra biltzen omen zuen bere ezkerreko eskumuturrean eta beste eskuaz ekaitzari edo Eateri adierazten omen zion nondik nora joan behar zuen”. J.M. Barandiaran. Mitología del Pueblo Vasco, 182 or.
Iruzkinak
Gipuzkoako Goierrin oraindik entzuten da "eata hotsa" esaten. Barandiaranek bildutako sineskeriak horiek xarmantak dira, baina nago goierritarrek gehiago usteko dutela "eata hotsa" dela orain urte gutxi "Fabrika Haundie" edo CAFi teilatu osoa birrindu zion harritearen burrunda.
Tomax.