EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/06/10

San Medarrek euri, berrogei egunez busti

“http://www.encyclopedie-universelle.com/images/saint-medard-de-soissons-luc.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.


EHKMEko agendaroan, ekainaren 8an horrelako atsotitza dakar. Herenegun ateri egon zen, beraz badirudi ez dela euriterik izango hurrengo berrogei egunetan. Atsotitz hori ahozko tradizio frantsesetik etorri bide zaigu. Izan ere, Elizak elezaharra eratu du urteko aro jakin honi buruz. Saint Médard Pikardian jaio eta Noyongo apezpiku izan omen zen. Beraren elizbarrutian gazteek udaberriari ongi etorria emateko zerupeko jai zalapartatsua egiten omen zuten. Hori ezagun ere egiten zaigu Euskal Herrian, ezbairik gabe. Orduan, garai hartako Médard apezpikuari horrelako jaietan “jostatze lizun samarrak” zirela ohartarazi zioten. Berak ez omen zeukan oso garbi kondenatu behar zituen ala ez eta Jainkoari eskatu omen zion Zeruak esku har zezala zalantza argitzeko. Jai “orgiastiko”-aren gau bete-betean euria ibaika hasi eta uzta bildu behar zuten arte iraun omen zuen. Gauzak horrela, gazteak ezin izan ziren sasoiko permitibitateaz gozatu eta apezpikuari zalantza argitu zitzaion. Hemen, antzeko kontua dugu bihar, ekainaren 11, San Bernabe dela-eta. "Bernabe argia, Bernabe donea, gaua laburra eta eguna luzea". Baliteke egutegi juliotarraren gorabehera izatea. Izan ere, urtaro astronomikoekiko egutegi horren desfasea udako solstizioaren inguruko egunei buruzkoa izan liteke

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------