EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/05/16

Giro petrala omen dakar

“http://www.bgsu.edu/studentlife/organizations/scma/NAHB%202002-%20Atlanta/VanBadWeather.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Gaurko aroa ikusita ez dirudi eguraldiak kaskartzeko asmorik duenik. Ez horixe! Baina, usteak erdi ustel! Biharko iragarpenen arabera euri giroa jaun eta jabe izango dugu eta tarteka trumoi-lainoak gailendu eta zaparrada mardul samarrak izango ditugu. Beraz, giro eskas-eskasa. Eta berau adierazteko eman diezaiogun astinalditxoa berba-zorroari ea zenbat hitzi kentzen diogun hautsa! Betiko “eguraldi” edo “denbora txarra”-z gain badira beste termino franko ere. Ez dakit logikoa ote den, baina nire datutegian zentzu txarra daukatenak ona daukatenei nagusitzen zaizkie. Hortaz badirudi “eguraldi txarra” “eguraldi ona” baino nabarmenagoa dela gure adimenerako. Zergatik ote? Hona hemen zenbait izenondo aroari txarra iriztekotan, ez dira berdinak, baina ez dute ezer onik adierazten:


beltz : Lapurtera. Aro beltza izan dugu. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
berde
: Bizkaiera / Gipuzkera / Goi-Nafarrera. Azkue. Hiztegia. B-Gatika, Zamudio. Denpora berdea laño edo otza. Zamudio Berbarik Berba. Denpora berde dau. Gatika Berbarik Berba Iñaki Gaminde.
bihurri : Negu bihurria diagu aurten!. Joxe Landa. GARA, 2003-11-16.
desatsegin: Iparreko haize zitalak eta euriak oraindik ere desatseginago egingo dute giroa. Joxe Landa. GARA, 2003-12-22.
eskas : ..eta giroa umela eta eskasa izango da. Joxe Landa. GARA, 2003-11-14.
ezatsegin : Giro ezatsegina eta negu tankerakoa. Joxe Landa. GARA, 2003-12-01.
gaizto : Gipuzkera / Lapurtera. Eguraldi gaiztoarekin elizara ezin etorri.. (Gipuzkera) / Aro gaixtoak jo balitu horko mahastiak.. (Lapurtera). Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
gaitz : Lapurtera. ..hainitz aro gaitzak egin zituen.. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
gordin : Goi-Nafarrera. Gure bazterrak, ernatzen asiak aste untako urite ta eguraldi gordiñekin gibelmin andia artu dute. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca. gozakaitz : Gipuzkera. Gozakaitzak eta zepotzak izan dira ilbeltza eta otsailla: aitona zarrok garbitu bear, dardara egiñaz ortzak Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
itsusi : G-Lasao. Eguraldi itsusiak jo zitualako oso illunak izan ziran Amasako San Martin jaiak. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
kaskar : Bihar ere giro kaskarra, ipar haize petrala izango baita. Joxe Landa. GARA, 2003-10-20.
latz
: Orokorra. Negu latza. Azkue. Hiztegia.
likixkeria: Gipuzkera . Au denbora likixkeriya! Petrala.. Denbora txatxu onek bazter guztiak usteldu biar ditu.Justo M. Mokoroa Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
mamo : Eguraldi mamo. Azkue Hiztegiaren Eranskina.
mantar : B-Lekeitio, Mundaka / G-Aia . Eguraldi onen mantarra. Azkue. Hiztegia.
minkatz: G-Getaria. Eguraldi minkatza dago. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
motel
: Itsasaldetik joko du haizeak, eta eguraldi motela eta eskasa izango dugu. lainotsu eta euritsu. Joxe Landa. GARA, 2003-11-24 or.
patal : Hasieran patal, gero bikain. Joxe Landa. GARA, 2003-11-09.
petral : Gipuzkera. Au denbora likixkeriya! Petrala..Denbora txatxu onek bazter guztiak usteldu biar ditu Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.

pistar
: Eguraldi pistarra. Azkue. Hiztegia. Eranskina
somin : G-Zarautz. Eguraldi somiña (sominka) dago.. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
trakets : Eguraldi traketsa. . GARA. 2003-11-27. Itsasaldeko eraso traketsa . Joxe Landa. GARA, 2003-10-20.
txakur : Eguraldi txakurra. Elhuyar Hiztegia.Eguraldi txakurra degu gaur . G-Azpeitia,. Eguraldi txakur honegaz ezingo gara jatxi kalera . G-Eibar. Oso txakurra dago (eguraldia), negu-neguan baño otz geiago egiten du . Gipuzkera. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.

txatxu
:Gipuzkera. Au denbora likixkeriya! Petrala..Denbora txatxu oenk bazter guztiak usteldu biar ditu.Justo M. Mokoroa.Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
uger
: B-Leioa. Iñaki Gaminde. Leioa Berbarik Berba.
zakar : Aize zakarra / Itsaso zakarra
zantar :B-Lekeitio. Denpora zantarra . Lekeitioko Berbak 2
zatar:B-Mungia. Eguraldi zatarra egon da gaur. Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.
zepotz: Gipuzkera. Gozakaitzak eta zepotzak izan dira ilbeltza eta otsailla: aitona zarrok garbitu bear, dardara egiñaz ortzak . Justo M. Mokoroa. Repertorio de locuciones del habla popular vasca.

zozo : Euri asko ez dute botako baina busti antza eta giro zozoa egongo da. Joxe Landa. GARA, 2003-12-11.

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------